argia.eus
INPRIMATU
Zazpi migratzaile hil dira eta bi haur larri daude Kanaria Uharteetan beren ontzia hondoratu eta gero
  • Kanaria Uharteetako El Hierro irlan gertatu da ezbeharra: itsasertzetik bost metrora zeudela eman du buelta ontziak. 160 pertsona inguru zihoazen ontzian.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko maiatzaren 28a
Migratzaileen ontzi baten erreskatearen artxiboko irudia. Ministerio de Defensa (CC BY-NC-ND 2.0)

Zazpi emakume hil dira Kanaria Uharteetara bidean zihoan ontzi batean: horietatik hiru 4 eta 16 urte artekoak dira. Ontziak istripua izan du itsasertzetik bost metrora, eta erreskate lanetan zazpi gorpu aurkitu dituzte. Goizean zehar, desagertutako ume baten bila ere aritu dira erreskate taldeak, baina Guardia Zibilak baieztatu du hilda dagoela. Ez dute zehaztu bost hildakoak bidaian edo ontzia hondoratzean hil diren.

Itsas Salbamendukoen ontziaren parean gertatu da istripua. Migratzaileak zeramatzan ontzia maniobra egitear zen, Itsas Salbamendukoen alboan jarri eta erreskatea gauzatzeko. Horretan zirela eman du buelta ontziak, eta itsasora jausi dira bertan zeuden 160 migratzaileak.

Afrikatik Europara doazenen artean, Kanariar Uharteetakoa da bide arriskutsuena. Caminando Fronteras GKEak aztertzen ditu datu horiek, eta azken txostenaren arabera, 2024an 9.700 pertsonak galdu zuten bizia bide horretan: alegia, egunero ia 30 migratzailek. Iazko datuak inoizko altuenak dira, aurreko urtearekin alderatuta %30 areagotu baitziren heriotzak.