Bi kasu gertatu dira Araban, beste bi Bizkaian eta bat Nafarroan. Mugimendu feministak mahai teknikoa martxan jartzearekin batera ohartarazi zuen emakume asko are babesgabeago egotera pasa direla itxialdia hasi denetik.
Itxialdiak itxialdi, indarkeria matxistak ez du etenik; are gehiago, koronabirusaren aurrean ezarritako alarma egoerak emakume asko beren erasotzaileekin isolatu ditu, horrek dakarren arrisku erantsiarekin.
Martxoaren 19an Gasteizko Lakua auzoan jazo zen erasoetako bat. Etxebizitza batean eztabaida gogorra izaten ari zirela-eta, bizilagun baten Udaltzaingoari deitu zion. Udaltzainak bertaratzean, lesioak zituen emakume batekin topo egin zuten. Zauritua artatzeko osasun-arreta eskatu eta 28 urteko erasotzailea atxilotu zuten.
Biharamunean, martxoaren 20an, beste eraso bat gertatu zen, Barakaldon. Emakumeak salatu zuenez, gizonezko baten partetik sexu erasoa saiakera pairatu zuen. Gertakariaren harira, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta martxoaren 22an atxilotu zuten ustezko erasotzailea.
Martxoaren 21eko larunbatean jazo ziren beste hiru eraso. Bata Gasteizko Arana auzoan. 44 urteko gizonezkoak jo egin zuen emakumezko bikotekidea. Ostean, atxilo eraman zuten erasotzailea.
Balmasedan gertatu zen beste erasoetako bat. 31 urteko gizonak emakumezko bikotekideari fisikoki eraso egin zion. Gizona atxilo eraman zuten.
Beriainen jazo zen larunbateko hirugarren erasoa. Erasoa pairatu zuen emakumeak berak deitu zion Foruzaingoari, bikotekideak jo egin zuela salatuz. Foruzaingoak bikotekidearen etxebizitzara bertaratu ziren, eta indarrez sartu behar izan ziren bertara. Ostean, gizona atxilo eraman zuten. Emakumeak zauriak zituen gorputzean.