argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 79 pertsona hil egin dira Greziako kostaldean eta ehunka desagertuta daude
  • Ehunka migratzaile zeramaten itsasontzia urperatu da asteazkenean. 750 bidaiaritik 100 inguru erreskatatu dituzte ostegun goizean eta hauek salatu dute hamabost orduz aritu direla laguntza eske.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 15a
Hondoratutako itsasontzia, jendez gainezka. Argazkia: Greziako kostazaintza.

79 gorpu aurkitu dituzte, eta desagertuen zenbakia altua da. Urte honetan Grezian gertatu den naufragio hilkorrena izan da asteazkenekoa. Itsasontzian 750 pertsona zirela uste da (100 haurrak). Libiatik hasi zuen bidea eta Italiara iritsi nahi zuten, baina Greziako kostaldean ondoratzen hasi zen, ontziaren motorraren hutsegite baten ondorioz. The Guardianek jaso du 104 pertsona salbatu dituztela asteazken arratsaldean, eta itsasontziak, helikopteroak eta garraio-hegazkinak mobilizatu dituztela bizirauleak aurkitzeko.

Greziako kostaldeko zaintza indartsua saihesteko, trafiko sareak bide geroz eta arriskutsuagoak hartzen dituztela salatu dute giza eskubideen aldeko taldeek. Italiara bidea, itsaso zabaleko klima ekaiztsuaren ondorioz, etorkinentzat arriskutsuenetakoa da. The Guardianek jaso du Greziako Migrazioko Ministerioaren ustez nazioarteko trafiko sareen errua dela, eta Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzak, Filippo Grandik, berriz, “gobernuak elkarrekin lan egitera” deitu ditu, “pobrezia eta gerratik ihes egiten dutenentzat” bide seguruak edukitzeko.

Grezia etorkinak indarrez botatzeagatik kritikatua izan da. Greziako Gobernuak beraien politika “gogor baina bidezko” gisa definitzen dute. Maiatzean atera zen bideoan ikusi daiteke nola kostaldeko zaindariak etorkinak indarrez botatzen dituzte, itsasoan noraezean utziz, Turkiako kostaldeko zaindariak jaso arte.