argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 51 hildako eta 268 zauritu Kairon
  • Yon Kippurreko gerraren 40. urteurreneko manifestazioetan, istiluak izan ziren igandean Egipton. Mohamed Morsi presidente kargugabetuaren aldekoen eta segurtasun indarren arteko liskarrek 51 hildako eta 268 zauritu eragin dituzte oraingoz.

ARGIA @argia 2013ko urriaren 08a
Pasa den igandeko istiluak, Kairon. Reuters

Kairon eta Gizan izan ziren istilu handienak eta 423 lagun atxilotu zituzten. Hiriburuan, Legitimitatearen Aldeko Aliantza Nazionalaren jarraitzaileek (Morsiren aldekoek) Tahrir eta Rabaa al Adaeiya plazara gerturatu nahi izan zuten, baina segurtasun indarrek ez zieten utzi eta gas negar-eragileak jaurti zizkieten. Tiroak ere izan ziren eta Aliantzaren jarraitzaileek salatu dutenez, kideetako hamaika segurtasun indarrek hil zituzten.

Gizan, Manial auzunea izan zen gatazkatsuena eta bi polizia-auto erre zituzten. Delga, Beni Suef, Al Mahalla, Alexandria, Ismailia, Aswan eta Suez hirietan ere izan ziren iskanbilak, baina oraindik ez dago hildakoen kopuru zehatzik.

Anaia Musulmanek "erailketa" horien nazioarteko ikerketa eskatu dute eta Abdel Fatah al Sisi Armadako buruari eta Mohamed Ibrahim Barne ministroari leporatu diote "ardura politiko eta penala, erabilitako biolentziagatik".

 

 

 

 

Egiptoko egoeraz erreportaje sakona idatzi zuen Argian Andoni Lubaki kazetariak: Jainkoak eta arkeologoek dakite egia.