argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 23 hildako izan dira Errusiak Kieven egin duen aire erasoan
  • 600 misil eta dronetik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuaren aurka. Gerra hasi zenetik egindako aire eraso handienetakoa da. Zelenskik nazioarteari eskatu dio erantzun dezala, Putin Trumpekin bildu eta bi aste eskasera.

Maria Ortega Zubiate 2025eko abuztuaren 29a
Europa Press/Peter Druk

2022tik izandako aire eraso handienetakoa jasan du Kievek ostegun goizaldean, 600 drone eta misiletik gora bota ditu Errusiak Ukrainako hiriburuan. Gutxienez 23 zibil hil dituzte. Kalteen artean etxebizitza blokeak daude, baita Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko Gobernuko zenbait eraikin ere. Putin eta Trump bakeaz hitz egiteko bildu eta bi astera, “diplomaziaren gainetik armak” aukeratzea leporatu dio Zelenskik Putini, eta nazioarteari esku hartzeko eskatu dio.

"Erasoek erakusten dute Putinek barre egiten diola bakea lortzeko edozein esfortzuri", esan du Kaja Kallas EBko Kanpo Harremanen buruak. Ildo beretik mintzo dira Europako agintari gehienak eta bilerak iragarri dituzte: EBko estatuetako defentsa ministroak Kopenhagen bilduko dira ostiralean.

Negoziazioak, kolokan

“Eraso hauek arriskuan jartzen dute Trump lortu nahi duen bakea”, adierazi du Keith Kellogg AEBetako Ukrainako bidali bereziak. Abuztu erdialdeko protagonista nagusietako bi izan ziren Putin eta Trump, Alaskan egindako negoziazio bilerarengatik. Bertatik erabakirik hartu gabe atera baziren ere, bi buruzagiek hitz egiten jarraitzeko asmoa adierazi zuten. Are, ostegunean, erasoen ostean, Kremlinak diplomaziaren aldeko jarrera adierazi du, baina misilak jaurtitzen jarraitzeko asmoa berretsi du.

Putinen asmoa zalantzan jarri du Zelenskik, “zibilak sarraskitzeak” edozein negoziazio asmo gezurtatzen duela iritzita. Alaskako bilera amaitzean, Putinen eta Zelenskiren arteko bilera sortu asmoa adierazi zuen Trumpek, baina, egoera ikusita, ezinezkotzat jo du Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak.