argia.eus
INPRIMATU
Gutxienez 1.300 lagun atxilotu ditu Errusiak, gerrarako mobilizazio deiaren aurkako protestetan
Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko irailaren 22a
Atxiloketa bat, irailaren 21eko Putinen diskurtsoari erantzuteko protesta batean (Argazkia: AFP)

Errepresio bortitzarekin erantzun dio gerraren aurkako oihuari Moskuk: gutxienez 1.300 lagun atxilotu ditu Errusiako Poliziak Vladimir Putin presidentearen azken manuaren aurka buruturiko protestetan. Ukrainako gerlarako 300.000 erreserbista mobilizatzeko agindu zabaldu zuen asteazkenean, irailaren 21ean, eta egunean bertan buruturiko manifestazioetan bideratu dituzte atxiloketak.

OVD-Info Gobernuz Kanpoko Erakundea dabil gerlaren aurkako Vesna mugimenduak antolaturiko mobilizazioen hurbileko jarraipena egiten. Ohikoan Mosku eta San Petersburgo izan ohi badira protesta leku, aldi honetan beste hamarnaka herritan ere batu dira herritarrak –38 herritan, OVD-Info-ren arabera–: Perm, Tcheliabinsk, Oufa, Krasnoïarsk, Voronej, Tver, Krasnodar, Saratov, Kaliningrad, Irkoutsk, Petrozavodsk, Riazan, Arkhangelsk, Toula, Iakoutsk, Korolev, Oulan-Oude, Jeleznogorsk, Ijevsk, Samara, Salavat, Volgograd, Vologda, Tioumen, Kazan, Ivanovo, Syktyvkar, Surgut, Nizhny Novgorod, Kaluga, Vyatskiye Polyany, Smolensk, Belgorod... Vesna mugimenduaren ondoko txioan ikusi daiteke atxiloketa Errusiako Poliziaren jarrera:

https://twitter.com/msk_vesna/status/1572657117722562562?s=20&t=sMU2xcmlrGP-fDBKnLFDoA

"Aberria babesteko, bere burujabetza eta lurralde osotasuna, eta gure herritarren segurtasuna". Helburu horrekin ditu gerlara deitu oraingoz 300.000 errusiar gehiagori. Sergei Xoigu Defentsa ministroak zehaztu duenaz, "inolaz ere" ez dituzte deituko ikasleak edo beste herritarrak, baizik eta armadako kide izandakoak bakarrik. Xoiguren arabera, 25 milioi errusiarrek dute esperientzia militarra, eta guztiak mobilizatzera dei ditzakete.

The Moskow Times komunikabidearen arabera, herritik ihes egitea ere du hainbatek gerlara ez joateko aterabidetzat. Hain zuzen, Putinen diskurtsoa bukatu bezain laster emendatu egin dira hegazkin billeteen salmentak. OVD-Info-ren kontaketari segi, Ukrainako gerlaren hasieraz geroztik 16.500 atxiloketa gertatu dira Errusian.

Europar Batasunaren erantzuna: zigor gehiago

"Ahalik lasterrena" aurkeztuko ditu Europar Batasunak Errusiaren kontrako zigor gehiago. Horrez gain, irailaren 22 honetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian kideek nabarmendu dute "irmoki" jarraituko dutela Ukraina babesten. Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere mintzatu da bileran, NBEri eskatuz Errusiaren parte hartzea eragoztea nazioarteko erakundeetan –tartean, Errusiak NBEren Segurtasun Kontseiluan daukan beto eskubidea kenduz–.