argia.eus
INPRIMATU
Gutxiengoa dira immigrazioa arazotzat duten EAEko herritarrak
  • 2015ean hasitako joerari jarraiki, immigrazioari buruzko iritzi eta jarrera positiboak sendotu egin dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizartean. Hala berretsi du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 2018ko Barometroak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko urriaren 17a

Immigrazioaren aurreko jarreretan azken urteotan egon den hobekuntza nabarmena izan dela azpimarratu du Ikuspegik. Gainera, EAEko biztanleen iritziz, immigrazioa “ekonomiarako eta lan-merkaturako eragile positiboa da”. Adibidez, nabarmen egin du behera langabeziaren errudun migratzaileak egiten dituztenak: 2013tik hona ia 6 puntu jaitsi da eta %7,7ak baino ez ditu etorkinak arazotzat ikusten.

Dena den, herritarren jarrera “anbibalentea” dela dio txostenak, immigrazioa onuratzat ikusi arren zenbait kolektiborekiko dagoen sinpatia uzkurragoa baita.

Euskal gizartearen gehiengoak uste du unibertsalak izan beharko liratekeela osasuna eta hezkuntza eskubideak, denen eskuragarri egon beharko luketela. Nolanahi, beste eskubide batzuk aipatzean (laguntza juridikoa, gizarte-laguntzak, babes ofizialeko etxebizitzak, boto-eskubidea), %65ak dio eskubide horiek gehiago murriztu eta erregularizatu beharko liratekeela.

Errefuxiatuen jarrera ere aldekoa da oro har. Gehienak errefuxiatuak hartzearen alde daude, baina baldintza ezberdinetan: ia %30ak inolako murrizketarik edota baldintzarik gabe hartuko lituzke, eta beste %40 inguruk dio hartu beharko liratekeela ihesean baldin badatoz edo jazartuak izan badira jatorrizko herrialdean.