argia.eus
INPRIMATU
Gutxieneko zerbitzuak igoz hezkuntzako greba desaktibatu nahia egotzi diote sindikatuek Jaurlaritzari
  • Jaurlaritzak aurreko grebetan baino gutxieneko zerbitzu handiagoak ezarri dituela salatu dute hezkuntzako sindikatuek, eta hori “greba eskubidearen urraketa larria” dela.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 14a
Sindikatuek greba jakinarazi zuten prentsaurrekoan. Argazkia: @LABsindikatua.

Astelehenean argitaratu du Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuen agindua astearteko grebarako. Garbiketan %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eta jantoki zerbitzua bermatuko dela adierazi, besteak beste.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek ohar bateratuan salatu dute agindua. Astearteko grebarako ezarritako gutxieneko zerbitzuak aurreko grebetan baino handiagoak direla azpimarratu dute. Jaurlaritzak neurriekin “ babesa eta segurtasuna bermatzeko” helburua duela adierazi du. Hori “aitzakia” dela esan dute sindikatuek: “Orain arteko grebetan ezarritako gutxieneko zerbitzuen irizpideak erabat aldatu ditu, eta osasuna bermatzeko aitzakiapean, inoiz baino gutxieneko zerbitzu altuagoak ezarri ditu”.

Greba indargabetu nahia

Ezarritako zerbitzuak greba eskubidearen aurka egiten dutela uste dute hezkuntzako sindikatuek, eta epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari direla azaldu dute. Aginduaren helburua greba bera indargabetzea da, sindikatuen esanetan: “Hezkuntza Sailaren kudeaketa tamalgarria eta izandako utzikeria ezkutatuz, mobilizazioa ikusezin egiteko eta greba desaktibatzeko saiakera bat da”.