argia.eus
INPRIMATU
Gutxieneko soldata: 35 euro gehiago, baina “Hego Euskal Herriko beharretatik urrun”
  • Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek adostu dute Espainiako Estatuan Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 1.000 eurokoa izatea. Euskal sindikatu abertzaleen ustez, eguneraketa hori langileen beharretatik oso urrun dago eta hainbat datu eman dituzte hori azaltzeko.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 10
Yolanda Díaz Espainiako lehendakariordea CCOO eta UGTko ordezkariekin (argazkia: Espainiako Gobernua)

Yolanda Díaz Espainiako lehendakariordeak sinatu du CCOO eta UGT sindikatuekin Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS) eguneraketa, oraingoan Confebasken babesik gabe, lan erreformarekin ez bezala. Gutxieneko soldata 1.000 eurora igoko dute, eta hala, hilean 35 euro gehiago jasoko ditu lehen gutxieneko hori jasotzen zuenak.

Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak nabarmendu du neurriak Espainiako Estatuko 1,8 milioi langileri eragingo diola eta "pozik" agertu da akordioarekin. Sordoren arabera, gutxieneko soldata jasotzen duen tipologia emakumearena da, 16 eta 34 urte artean ditu, eta nekazaritza eta zerbitzuetan aritzen da.

Igoerari egin dioten kritika nagusietakoa da prezioen gorakadaren adinakoa ez izatea.

ELA sindikatuak nabarmendu du LGSa %3,6 igo duten bitartean iazko inflazioa %6,5 igo zela, eta hortaz langileen erosteko ahalmena galduko dutela eta horrek erakusten duela "soldatak debaluatzeko politika ezartzen ari dela".

LABek ere kritikatu du akordioa; sindikatu abertzalearen esanetan Hego Euskal Herrian 1.400 euroko gutxieneko soldata egon behar luke, "hori baita euskal langileriak, bizitza duina izango badu, behar duen gutxieneko kopurua".

Europako Gutun Sozialak ezartzen duenaren arabera, guitxieneko soldatak batez besteko soldataren %60 izan behar luke. Díazek konpromisoa adierazi du horretara iristeko, eta Espainiako Estatuaren kasuan 1.063 euro lirateke.