Elkartasun gutuna bidali diote hiru epailek 2016ko sanferminetan talde bortxaketa jasan zuen emakumeari

  • Sinesten diotela nabarmenduz, gertutasuna eta babesa adierazi nahi izan diote Bilboko, Bartzelonako eta Vigoko hiru epaile emakumezkok. Zigor Kodea “androzentrista” dela nabarmendu dute eta aldatu behar diren joera sexistak ohikoak direla.


2018ko maiatzaren 07an - 11:21
Epaia jakin ostean, milaka lagun batu ziren Iruñean bortxaketa izan zela aldarrikatzeko

Nafarroako Auzitegiak duela bi aste eman zuen epaiarekin oso kritiko agertu dira hiru epaileak, tartean Bilboko Auzitegian ari den Nekane San Miguel epaile arrasatearra; beste biak dira Lugoko Auzitegiko magistratu Dalila Dopazo eta Bartzelonako Auzitegiko Angels Vivas.  “Ezinezkoa” iruditu zaie auzia sexu-abusutzat jo izana eta hiztegia pertsonei baino, gauzei dagoela zuzenduta adierazi dute. “Pertsona gehienentzat abusatzea gaizki edo gehiegi erabiltzea da, baina azken finean, erabiltzea; hiztegia ez dago pertsonei zuzenduta, gauzei baizik”. Hiru epaileen aburuz, hitz hori sexu-harremana onartu gabe izatearekin lotzeak Zigor Kodean “emakumeok gizonei plazera emateko objektuak izaten jarraitzen dugun seinale da”. Abusu hitzaren azpian dagoen ideia “oso mingarria” da edozein emakumerentzat, azaldu dute.

Milaka emakume kalera atera ziren epaia jakin ostean, haserre bezain suminduta. “Nik sinesten zaitut” asko entzun dutela adierazi dute, baina haien ustez, epaia eman zuten hiru epaileetatik bik ere kontakizuna sinetsi dute, emakumearen bertsioa zalantzan jarri zuten defentsaren argudioak errefusatu zituztelako: “Sinetsiko ez balizute, ezinezkoa izango litzateke epaian frogatutzat eman dituzten gertaerak idaztea”. Halaber, kaleko aldarrikapenekin bat egiten dutela diote eta akusatuei zigor handiagoa ezarri beharko litzaiekela adierazi dute.Viento Sur aldizkarian irakur daiteke gutuna osorik.

Bere aldetik, Espainiako Emakume Epaileen Elkartea den AMJEk ere komunikatua atera du auziaren sententziaren egokitasunaren gainean sortutako eztabaidaren eta sistema judiziala berrikusi behar delako aldarrien ondotik. “Emakumeok ez dugu nahi biktima izan, baizik eta protagonista” titulua daraman idatzian beraien hausnarketa plazaratu dute.

“Emakumeen diskriminazioa eta hauek gizonekiko daukaten desparekotasuna ez da zuzenketak eskatzen dituen anekdota bat, sistemikoa, orokorra eta estrukturala den zerbait baizik” dio elkarteak, botere publikoek egoera petatxatzera mugatzen den jarrera darabiltela salatuz, dagoeneko existitzen den arraila sakonagoa bilakatzea eraginez. Horren adibidetzat jotzen dute Kode Penalean sexu delituak nola jasotzen diren aztertzeko afera soilik gizonez osatutako batzorde bati esleitzea, gero, zuzenketa modura, sei emakume aditu gonbidatuz azterketan parte-hartzera, salbuespen neurri modura.

Hala bada, idatziaz baliatzen dira hurrengoak exijitzeko: elkarte eta instituzioek osaera parekidea izatea; zuzenbide alorreko langileek, batez ere genero indarkeria alorrari dagozkion kasuekin harremanetan egon ohi direnek, genero ikuspegidun formakuntza etengabekoa derrigorrezkotzat izatea; eta Biktimaren Estatutua bere osotasunean betetzea, biktimaren intimitate eskubidea errespetatuz eta berau erruduntzat jotzea edo bigarrenez biktimizatzea eragotziz.

 


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sexu Erasoak
Epailearen aurrera eraman dute bikotekide ohia giltzaperatu eta eraso egiteagatik atxilotutako gizona

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gizonak Gasteizko Alde Zaharreko lonja batean bahituta izan du emakumea zenbait orduz, eta hainbat alditan egin dio eraso. Gizonak urruntze agindua zuen, aurrez egindako tratu txarrak tarteko. Astelehen goizean atxilotu zuen Ertzaintzak, eta... [+]


2024-03-15 | ARGIA
Gizon bati Iruñerriko institutu batean eta saltoki batzuetan emakumeak grabatzea leporatu diote

2023ko urrian jarritako salaketa baten harira, gizonaren etxeko gailu informatiko eta elektronikoak ikertzen ari da Foruzaingoa, eta material horretan aurkitu dituzte institutu bateko emakumeen komunetan egindako grabazioak, eta hainbat saltokitako aldageletakoak. Adimen... [+]


Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 41 urteko gizon bati Iruñean, bikotekideari sexu erasoak egiteagatik

Zortzi urtean ezingo da bikotekide ohiarengana hurbildu eta 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio.


Bi gizon atxilotu dituzte Galdakaon, sei adingaberi sexu erasoak egitea egotzita

Polizia-ikerketa zabalik dago eta atxilotuei konfiskatutako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira. Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela. Antza, "opariak" ematen zizkieten trukean.


2024-02-13 | ARGIA
Bi gizon atxilotu dituzte Tolosan eta Ibarran, hiru sexu-eraso egitea egotzita

28 eta 37 urteko bi gizonezko atxilo hartu ditu Ertzaintzak, bata Tolosan eta bestea Ibarran. Biktimetako bi adin txikikoak dira.


Eguneraketa berriak daude