"Gustatuko litzaiguke tresna praktiko zehatzak eskaintzen hastea herri mugimenduari"

  • Hautsak harrotu ditu azken aldian ikasle mugimenduak, eta gutxinaka-gutxinaka indarra hartzen ari dela dirudi. Hori berretsi nahi dute egunotan Herri Unibertsitateekin. Astelehenetik hasita ikasle ugari bildu da Hego Euskal Herriko unibertsitateetan; han jan, lo egin, eta hamarnaka tailer prestatu dituzte. Gaur, asteazkenean, San Mameseko fakultatean bilduko dira parte-hartzaile guztiak. Ikasle mugimenduko kide batek erantzun digu horri buruz. Azken aldian ikasle mugimenduak salatu duen jazarpena dela eta, nahiago izan du izena ez ematea.

     


2017ko otsailaren 22an - 12:13
Leioan Herri Unibertsitateari hasiera eman zietenean, astelehenean. (Arg.: Leioatik!)

Ikasturte honetan zer esana ematen ari da Euskal Herriko ikasle mugimendua, azal dezakezu zer gertatu den mugimenduaren barruan?

Ez da azken hilabeteetako kontua. Gaur gertatzen ari dena azken urteetako dinamika batzuen barnean ulertu behar da, in crescendo joan direnak. Orain kontraesan batzuk lehertu dira, eta proposamen batzuk mahai gainean jarri ditugu;baina bilakaera logiko bati erantzuten dio azken hilabeteetan gertatutakoak.

Zein kritika egiten diozue instituzio formalek eskaintzen duten hezkuntzari?

Hezkuntza beti dator zerbaiten atzetik, neurri jakin batzuen atzetik, eta bizi-harreman batzuei erantzuten die. Kasu honetan, sistema kapitalista baten barnean integratuta, eta bere fase neoliberalean kokatuta dator hezkuntza. Momentu honetan lan banaketaren estrukturaketari, eta klase pribilegiatu burgesak dauzkan berehalako eta epe ertaineko premiei erantzuten die. Langile klasearekiko interes antagonikoak dauzkan klase batek sortu eta hedatzen duen hezkuntzak aurkakotasuna eragingo du. Are gehiago, langile klaseari eskubide zibil eta politiko guztiak ukatuko dizkugun fase neoliberal basatia sakontzen doan heinean.

Zein hezkuntza mota eraiki nahi duzue?

Hezkuntza ezin da ulertu harreman sozialen formetatik aparte. Guk proposatzen duguna da gure kideekin batera harreman sozialak osotasunez eraldatzen joatea. Zentzu horretan, hezkuntzatik ekarpena egiten ari gara pertsona berrien eraikuntzari. Horretarako, gizartea egituratuko duen kodigo etikoa, edo logika, elkartasuna izatea nahi dugu, eta ez berekoikeria, indibidualismo, egoismo eta konpetentzia basatia, gaur egun den antzera.

Nola txertatzen dira Herri Unibertsitateak hor?

Herri Unibertsitatea ikasle mugimenduak mahai gainean jarri duen proposamen praktikoa da. Erakusleiho horrekin, azken urteetan ikasle mugimenduek erakutsi dute hezkuntzan posible dela beste eduki batzuk lantzea. Hau da, derrigorrez ez zaizkigu inposatu behar eduki batzuk, guk esan dezakegu zer eta nola nahi dugun ikasi. Bide horretan proposamen zehatza da Herri Unibertsitateak. 

Kapitalismoaren arauetatik haratago kokatzen den teoria kritikoa garatzeko tailerrak antolatu ditugu Euskal Herriko txoko guztietan, leku bakoitzean dauden premia eta nahimenak ulertuta. Hedatzen joan dira, bai edukien kalitatean baita jendearen kopuruan ere. Aurten Herri Unibertsitatea Euskal Herri mailan egituratzeko apustu nagusia egin dugu. Hezkuntza era nazionalean egituratu behar dela eta herri langileko kideon mesedetara egon behar dela irudikatzeko.

Zertan bereizten da Herri Unibertsitatea hezkuntza formaletik?

Formek edukiei erantzuten diete. Egia da hezkuntza formalak ematen dizkigun zenbait eduki baliogarriak direla. Ez dugu atzera egin behar aurrerapen tekno-zientifikoetan, baizik eta pauso bat haratago eman behar dugu. Harreman tekno-zientifiko horiek dauzkaten logika epistemologikoak, pentsamendu formak aldatu behar ditugu, aurrerapen horiek beste era batera egituratzeko eta beste era batera lortzeko. Berriz errepikatuko dut, harremantzeko beste modu batzuk egituratu behar ditugu. Hezkuntza emateko helburu desberdinak ditugu, eta horrek bereizten gaitu. Esan bezala, logika ez da merkatu kapitalistak eratzea, baizik eta merkatua bera desegin eta forma merkantilista guztiekin amaitzea, baita produkzio moldearekin ere. Subjektibitate batzuk eraikitzeko balio du Herri Unibertsitateak, eta eduki horiek beste logika sozial batean kokatzeko aukera ere ematen du.

Aurtengo Herri Unibertsitateak zer berritasun dakar?

Gai zehatzen gaineko eztabaida ildoak sortzen ari gara, adibidez Jarduera Fisikoko graduan egiten ari direna. Horrek orokortasuna eta jarraikortasuna ematen dio teoria kritikoaren gorpuzteari, eta alor bakoitzean logika soziala aldatzeari. Baina Herri Unibertsitateak erakusleiho bezala ulertzen ditugu. Hortaz, urtero egiten dugu aurrerapauso bat, nahiz eta publiko ez egin. Aurtengo berrikuntza nazionalki batzearen beharra erakutsi izana da. Euskal Herriko problematika orokorki aztertzen ari gara, eta hori herritik eta herriaren mesedetara egingo dugu. Hainbeste aldarrikatu dugun Euskal Eskola Nazionalaren irudikapen praktiko bat egin dugu.

Honen guztiaren aurrean zein erantzun jaso duzue EHU eta instituzioen partetik?

Instituzio kapitalistak, kasu honetan beren forma politikoa, EHU, baztertu egiten ditugu. Etsai politiko bezala ikusten ditugu argi eta garbi, eta jarraituko dugu hori esaten. Taktikoki komeni zaigu momentu jakin batean EHUrekin batera elkar ez ukitzeko paktu bat egitea. Haiei ere komeni zaie ikasle mugimendua ez edukitzea errebolta konstante batean, altxamendu konstante batean. Beraz EHU prest dago ikasle mugimenduari kontzesio batzuk emateko, behintzat logistika aldetik, Herri Unibertsitateak azpiegiturak behar baititu. Hori ez da haiek Herri Unibertsitateak indartu nahi dituztelako, baizik eta ez dutelako arazo handirik nahi. Gure arteko harremana formala da, jakinda momentu batzuetan okertzen dela eta beste batzuetan ez, baina badakigu aurkariak garela.

Zer ekarpen egiten die unibertsitatean egiten duzuen lanak Euskal Herriko gainontzeko borrokei?

Euskal Herrian sozialismoaren, eta are gehiago komunismoaren gorpuztea laguntzen dugu. Pentsatzen dugu herri mugimendua, eta orokorrean langile klasea indartzen duen edozein borrokarentzat lagungarri izango direla Herri Unibertsitateak. Aldi berean, gustatuko litzaiguke tresna praktiko zehatzak eskaintzen hastea herri mugimenduari. Bizi forma berri batzuk probatu behar baditugu, eta herri mugimenduak metabolismo sozial berria eraiki nahi badu, uste dugu ikasle mugimenduak ematen duen jakintza guzti hori baliagarria dela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri Unibertsitatea
2022-02-17 | Gedar
Beste urte batez, ehunka lagun batu dira Herri Unibertsitate nazionalean

Asteazkenean izan da aurtengo Herri Unibertsitate nazionalaren aurreneko eguna, Leioako campusean. Ostegunerako ere prestatu dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta aisialdirako jarduerak.


2022-02-15 | Gedar
Herri Unibertsitate nazionala otsailaren 16an eta 17an izango da Leioan

Otsailaren 16an eta 17an izango dira aurtengo jardunaldiak, Leioako campusean. Egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru, mobilizazio eta aisialdi jarduerekin. Roberto Fineschi filosofoa, Ani Perez pedagogoa nahiz Ekida arte ekimen sozialista izango dira aurten,... [+]


2021-03-10 | Gedar
Gasteizko campusean izango da 2021eko Herri Unibertsitate nazionala, martxoaren 16tik 17ra

Aurten ere, "zailtasunak zailtasun", Herri Unibertsitate nazionala izango dela baieztatu du ikasle mugimenduak. Bi egunetarako egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru zein kultur jarduerekin. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Ekida kultur... [+]


2020-09-30 | Mikel Eizagirre
Herri Unibertsitateak Eskola Kolektiboak jarri ditu martxan, "gaitasun zehatzen ekoizpenerako"

Jakintza-esparruka banatutako lantaldeetan ikerketa eta trebatze ariketarekin hasiko dira Euskal Herriko hainbat ikasle, “kapitalaren mesedetan ikasiarazten diguten jakintza langile mugimenduaren mesedetan jartzeko”.


2020-02-10 | Hala Bedi
Gasteizko Herri Unibertsitateko egitaraua aurkeztu dute

Herri Unibertsitatea antolatuko dute otsailaren 17, 18 eta 19 bitartean Gasteizko unibertsitateko ikasleek, aktualitatearen hausnarketa kritikoa burutu eta eztabaidak irekitzeko helburuarekin.


Eguneraketa berriak daude