Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays Basque?”.
Agian, Gorka Torre eta Intza Gurrutxaga epaituko dituen epailea, Frantziako batek jakin nondik, Baionako epaitegira iritsi berria da, eta hura ere harritu egiten da Gurrutxaga euskalduna bai baina frantsesa ez dela jakitean; agian (segi dezagun amesten), konprenitzen duenean euskaldunok Frantzian eta Espainian gaudela, epifania moduko bat izango du: euskaldunok bere baitan behar garela izan, ez garela zerbaiten zati, eta zatikatuta bagaude, zatikatu egin gaituztelako dela. Eta Espainia eta Frantzia, biolentziaz, gure gainean jarri eta beraien nazioak asmatu baino lehenagotik garela, hemen, euskaldunok. Eta, akaso, epaituko dituen biei begira pentsatzen du, ChatGPTk esan zidan moduan: “Frantzia eta Espainia arteko Bidasoako mugak aurrez batua zegoen euskaldunen komunitatea banatzen duela”. Hori, bidenabar, logika hutsa da, makina batek ere ebatzi ahal duena.
Hala ere, ziurrenik, zaharragoa izango da epailea, zaharregia adimen artifizialaz fidatzeko. Jo dezagun urte asko daramatzala lanean eta aski ezaguna zaiola euskaldunon afera, hala bada, agian, euskararen aldeko bi militanteak epaitzen ari dela, 1970ean Sartrek Burgoseko prozesuen harira frantsesei Euskal Herria kolonia bat zela jakinarazi zienekoa oroituko du (badakit kolonia hitza erabiltzeak beldurra ematen diela batzuei, kontuak eskatu Sartreri).
Nahiz eta euskaraz deklaratzeko itzultzaile bat eskatu duten biek, Torrek frantsesez deklaratu beharko du eta Gurrutxagak ziurrenik espainolez, ondoren frantsesera itzultzeko: horraino umiliatzen gaituzte
Noski, horrelakorik ez da gertatuko eta biak epaituko dituzte euskararentzat justizia eskatzeagatik. Gainera, nahiz eta euskaraz deklaratzeko itzultzaile bat eskatu duten biek, Torrek frantsesez deklaratu beharko du (azken bi epaiketetan, behintzat, ez diote itzultzailerik jarri) eta Gurrutxagak (nahiz eta bera EAEko biztanle izan eta bertan euskara ofiziala den) ziurrenik espainolez egin beharko du, ondoren frantsesera itzultzeko: horraino umiliatzen gaituzte.
Gurrutxagak zein hizkuntzatan hitz egin beharko duen, ordea, oraindik, ez dago guztiz argi eta bada aukera gipuzkoarrari euskaraz deklaratzeko eskubidea bai aitortzeko. Agian, hobe euskaraz egiten uztea, behintzat, bietako bati ezta bat berari ere baino. Hala ere, kasu horretan, bi euskaldunek epailearen aurrean, lurraldearen zati desberdinetan jaiotzeagatik, eskubide desberdinak izango lituzkete; non eta Baionan, gipuzkoarrak lapurtarrak baino eskubide gehiago.
Dena dela, argi dago epaileari ez zaiola gure zapalkuntza epifania erlijioso batean bezala begi bistakoa egingo, eta ez da gaur hain ahaztua dagoen Jean-Paul Sartrez oroituko inor epaiketa gelan ere. Euskaldunok gogoratu genezakeen, ordea, hark guri buruz esana, eta baita ere, haren existentzialismoaren oinarri den “gurekin egin zutenarekin egiten duguna garela”; kasura, gure herriarekin (eta hizkuntzarekin) egin zutenarekin (eta egiten dutenarekin) egiten duguna izango dela gure herria (eta gure hizkuntza).
Egin dezagun bada zerbait, jadanik zerbait egiten dutenen alde. Jarrai dezagun bi militanteen eredua eta erakuts diezaiegun gure babesa. Aldarrikatu dezagun euskararentzat justizia Baionako epaitegiaren kanpoan, apirilaren 6an, 11:30ean. Bertan ikusiko dugu elkar!
Igor Lozano Lazkano, Donostiako Euskal Herrian Euskarazeko kidea