Maiatzaren amaiera eta ekainaren hasiera artean Gora Herriak jaialdia antolatu du Bixi Bixi elkarteak, zortzigarren urtez, Pasai Donibanen. Aurreko urteetan jatorrizko hainbat herriren errealitatea ezagutzera eman ondoren, aurtengo jaialdiak Ameriketako edo "Abya Yala" osoko herrietako ordezkariak izango ditu. Egitasmoaren antolatzaileetako batekin hitz egin du ARGIAK, Xabier Alegriarekin, eta azpimarratu du internazionalismoa aldarrikatzea eta Euskal Herrian "jatorrizko herrietako ahotsak entzuteko aukera" eskaintzea dituela xede.
Maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran ohiko zita bihurtu da Gora Herriak ekimena, Bixi Bixi elkarteak antolatutakoa eta aurtengo zortzigarren edizioa izango duena. Joan den asteko ostegunean abiatuta, ekainaren 7ra bitarte Pasai Donibanek mota guztietako ekitaldiak hartuko ditu herriko plaza zein aretoetan: Ameriketako hainbat jatorrizko komunitateren inguruko hitzaldiak, bertso saioak, kontzertuak, ikastaroak... Ostegun honetako solasaldian, esaterako, Leire Artola ARGIAko kazetariak, alde batetik, eta Amets Ladislao eta Malu Egiluz Etxaldeko mugimenduko eta Via Campesinako kideek, bestetik, Guatemalako Maia q'eqchi' komunitatean emakumeek duten lidergoa izango dute hizpide.
Ekimenaz eta haren helburu nahiz funtzioez mintzatzeko, Gora Herriaken antolatzaileetako bat den Xabier Alegriarekin jarri da harremanetan ARGIA. Alegriak azpimarratu du aurreko urteetako edizioetan munduko beste hainbat jatorrizko herri hizpide izan ondoren –Kuba, esaterako–, aurtengo jaialdiak Ameriketako edo "Abya Yala" osoko jatorrizko herrien errealitatea ezagutzera ematea izango duela xede. Abya Yala Ameriketako herri indigenek beren lurraldeari ematen dioten izena da, eta "lur heldua", "lur bizia" edo "loratzen ari den lurra" esan nahi du.
Izen hori erabiltzearekin batera, herri indigenek azken urteetan "euren hizkuntzak eta tradizioak indartzeko egiten ari diren lana" goraipatu nahi dutela adierazi du Alegriak. Horretarako, Gora Herriaken antolatzaileak azpimarratu du Euskal Herrian "txikitasunetik eta harrotasunik gabe" ezinbestekoa dela mundu osoko jatorrizko herrien errealitatea nolakoa den erakustea. Errealitate politikoa soilik ez, herri horien kulturak nahiz hizkuntzak ere izango dute lekua Bixi Bixik antolatutako egitarau oparoan: horren adibide gisa aipatu du Alegriak larunbatean Jon Sarasuaren eskutik izango diren Kolonbiako herri indigenaren inguruko bertsoak eta kantuak.
Neokolonialismoa "are eta basatiagoa" da azken aldian
Azken aldian mundu mailako krisiaren nahiz Donald Trump AEBetako presidentearen itzuleraren eraginez nazioartean izaten ari diren gertakarien harira, Alegriak azpimarratu du herrien aurkako neokolonialismoa "are eta basatiagoa" bilakatzen ari dela.
"Hasieran lurretako janariak edota haziak lapurtzeko xedea zuten kolonizatzaileek, baina orain euren onurarako pertsonak ere lapurtzen dituzte", esan du. Gainera, salatu du egun indarra hartzen ari diren "sektore neofaxistek" eta diskurso arrazistek ere eragina dutela herri indigenen biziraupenean, eurak "deshumanizatzea" baitute helburu.