Pastorala, Maskarada, libertimendu edo kabalkada, plaza ikusgarriak zertan dira Ipar Euskal Herrian? Gai mamitsu hori lantzen saiatuko dira bi egunez Euskal Kultur Erakundeak antolatzen duen solasaldian, Baionako Arte Eskolan.
Kabalkadaren dinamika, Uztaritzeko kaskarotetan emazteen integratzea edo libertimenduaren hedatzea, izango dira jorratuko diren gaiak. Terexa Lekunberri EKEko etnologoak azaldu digunez "plaza ikusgarri hauen erronka geroan zein den aztertuko dugu mahai-inguruan". Hitzordua Baionako Arte Eskolan iraganen da, eta ostegun arratsean hasiko da 18:30ean Elena Bertuzziren Sous la jupe des filles (Nesken gonapean) filmarekin.