argia.eus
INPRIMATU
Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen
  • Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko ekainaren 06a
Mobilizazioetara deitzeko kartelak Gure haurrak ere badira

Gure haurrak ere badira ekimenak ikasturte amaierako mobilizazioa antolatu du: Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginda, Gasteizen ere martxa antolatu du. Ekainaren 12an hiru zutabe abiatuko dira hirian zehar, eta Plaza Berrian bukatuko da, Palestinako koloreez osatutako mosaiko bat osatzeko. Mobilizazioan lortutako diru guztia UNRWA NBEren Palestinako errefuxiatuen agentziara bidaliko dute.

Horrekin batera, beste ekimen bat ere iragarri dute: ikastetxeei deia zabaldu diete ikasgeletako mahai huts batean lore bana jartzekoa. Ikastetxeetako argazkiak jasoko dituzte eta Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Justizia Sailetara bidaliko dituzte, “Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen sentimenduaz jabe daitezen”.

Plataformak iragarritako bi ekimenak ikasturteari amaiera emateko dira; baina beste hainbat ekimen egin ditu ikasturtean. Horien artean izan dira ikasleek egindako irudiak jaso eta Palestinara bidaltzea, genozidioa salatzeko mobilizazioak egitea eskoletan eta Askatasun doinua liburuaren itzulpena Palestinara bidaltzea.

Danimarkan, Palestinaz ezin berba egin

Eskoletako debateetan Palestinari buruz eztabaidatzea debekatu dute Danimarkan. Herrialde hartan, 13 eta 15 urte arteko ikasleek debateak egiten dituzte bi urtean behin, 70.000 ikasletik gorak hartzen dute parte, “gazteen hezkuntza demokratikoa indartzea” helburu: herrialdean sona handia izaten du, telebistan ere ematen dute amaiera. Aurten da debateen txanda, eta Parlamentuko mahaiak debekatu egin du Palestinako Estatuaren errekonozimenduaren inguruan eztabaidatzea, “gai konplexu eta satinbera” dela eta debateek irauten duten denbora laburrean ganoraz argudiatu esanez.

Erabakiak haserreak piztu ditu herrialdean. Oposizioko alderdiek eta hezkuntza komunitateko kideek erabakiaren aurka egin dute, gaiak debekatzea “arriskutsua” dela esanez. Zenbait eskolatan adierazi dute gaia landu behar dela, isilarazteak “benetako arazo” bihurtzeko arriskua baitu. Beste zenbaitek gehitu dute Gazako sarraskiaren inguruan berba asko egin dutela dagoeneko, eta gaiak debekatu baino, gaiak lantzeko marko eta arauak ezarri behar direla aldarrikatu dute.