"Gure eskubideen jabe izatea irabazi dugu"

  • Duela 30 urte ekin zion Euskalerria Irratiak uhinak airean jartzeko baimenak bideratzeari. Azkenean, 1987an lizentziarik gabe ekin zion irratigintzari eta 27 urteren ondoren etorri da hainbeste desiotako baimena. Mikel Bujanda ibilbide horren guztiaren lehen lerroko lekuko zuzena izan da. Bere ahalegin kontaezinen fruitu ere bada gaurko lizentzia lorpena.


2015eko abuztuaren 28an - 16:06
Mikel Bujanda, Euskalerria irratiko zuzendaria (Arg: Argia)

Zein balorazio egiten duzu lizentzia lortu izanaz?

Lehenago ere etor zitekeen, baina UPNk ez du nahi izan. UPNk ere bazekin 1998ko kontratazio mahaiak emandako puntuazioan gure proiektua zela lehenbizikoa, eta prozedura mahai hark berak amaitu izan balu emango ziguten lizentzia, baina orduko sailburuak eta zuzendari nagusiak parte-hartu zuten eta egoerari buelta eman zioten. Mahaiaren txosten hura aztertu duen edonork, epaile izan ala ez, bidegabekeria berehala ikusiko zuen. UPNk hamaika aukera izan du hura zuzentzeko,  baina ez du nahi izan. Orain, azken erabakia UPNk berak izendatutako mahai batek eman du. Ez dakigu zein zen UPNren benetako nahia, baina guk pozez hartu dugu erabakia. Eta hala ere, bihotza bero baina burua hotz, hori da gure leloa.

Gobernu aldaketarekin espero zen lehenago edo geroxeago lizentzia eskuratuko zela, baina lehengo gobernuaren prozeduratik etorri da. Espero zenuten halakorik?

Bada bai, ez dizut ukatuko, espero genuen. Guk bagenekien lizentziarako eskubidea genuela, baina legezko auzia ere irabazi egingo genuela sinetsi izan dugu beti. 2014an ezagutu genuen Madrilgo Auzitegi Goreneko epaia eta honek bukatutzat ematen zuen bide judiziala; eta agintzen zion Nafarroako Gobernuari lizentzien banaketa berriz egiteko, baina 1998an finkatutako puntuazioa aintzat hartuta. UPNren Gobernua luzamendutan ibili zen ondoren eta lehen bilera iazko ekainean egin zen. Harrez gero gu ibili izan gara informazio eske eta lana aurreratua zegoela ikusten genuen. Gobernua utzi aurretik, beraz, UPNk onar zezakeen bere kontratazio mahaiak egindako balorazioa. Haiek jakingo dute zergatik, baina ez dute egin nahi izan eta gobernu berriak egina topatu du.

Honek zer aldatzen du irratiaren egunerokotasunean?

Segurtasun juridikoa esaten zaio, baina funtsean gure eskubideen jabe izatea irabazi dugu, sozietate feudal batetik sozietate demokratiko-moderno batera iragatea bezala da. Honek ondorioak izan behar ditu arlo profesionalean, kontratazioak egiterakoan eta halakoetan, baina baita gure proiektuaren garapenean ere. Ziurgabetasun juridikoan aritu gara orain arte eta hori oztopo handia izan da. Horrek, aldi berean, elkartasun eta laguntza gehigarria ekarri digu euskaltasunaren aldetik. Laguntza horren konplizitateari eutsi nahiko genioke aurrerantzean ere. Gure helburua da Iruñerriko euskal jendeari komunikazio proiektu funtzionala eta kalitatezkoa eskaintzea; orain aukera hobeagoa izango dugu zerbitzua hobeto eskaintzeko.

Behin harresi hau erorita, hurrengo urratsetakoa Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak eskuratzea izango da, ezta?

Lorpen hau alor guztietara zabaldu behar da. Gure diru sarrera nagusia publizitatea da eta orain arte publizitate instituzionala guztiz ukatua izan dugu; adibide bat da hau, bada zer normaldu. Gure ustez, honek bultzada handia ekarri beharko luke, bai arlo ekonomikoan eta baita profesionalean ere.

Euskalerria Irratiaren garaipen handia da hau, baina zu bere hastapenetik zabiltza irratiaren proiektuan eta sasi guztien gainetik aritu zara lizentzia lortzeko borroka luze horretan. Zure garaipena ere bada.

Ez dut hala sentitzen. Garaipena Iruñerriko euskal jendearena da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalerria Irratia
35 urteurrena emanaldi berezi batekin ospatuko du gaur Euskalerria Irratiak

1988ko azaroaren 7an egin zuen lehen emisioa Iruñerriko irratiak. Urteurrena aitzaki hartuta, Zentral aretoan “musika eta hitza” uztartuko dituen ekitaldi bat antolatu dute.


Euskalerria Irratiak podcasten aldeko apustua eginen du denboraldi honetan

Irrati urtea astelehenean, hilaren 18arekin, abiatuko dute, albistegiak eta arratsaldeko magazina indartuta. Azaroaren 7an, irratiak 35 urte beteko ditu eta hainbat ekimen gauzatuko  dituzte urteurrena ospatzeko.


Hedabideak publizitate instituzionalik gabe Iruñean
Langa bat gehiago

Kalkulua zehatza da. Iruñeko biztanleen %10,5 da euskalduna. Navarra Sumak gidatutako Iruñeko Udalak publizitate instituzionala lortzeko gutxienez audientzia osoaren %10 izatea exijitu die hedabideei. Euskarazko hedabideek publizitatea lortzeko hiriko biztanle... [+]


Maiaren publizitate banaketaren aurka helegitea aurkeztu du Euskalerria Irratiak

Euskalerria Irratiak helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Administratiboaren aitzinean, Iruñeko Udalaren publizitate instituzionalaren esleipenaren kontra.


Eguneraketa berriak daude