Larunbateko manifestazio jendetsuaren ondoren, erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku mugimenduko bozeramaile Josu Etxaburuk eta June Romatetek agerraldia egin dute Donostian. "Euskal herritar gehienak ordezkatzen dituzten erabaki eta adostasunak" lortzeko, "anbizioz" jokatzeko eskatu diete indar politikoei eta eragileei.
Gure Eskuk milaka lagun bildu zituen larunbatean Bilbon, Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean. Manifestazioaren balorazioa egin dute mugimenduko bozeramaile Josu Etxaburu eta June Romatetek astearte goizean, Donostian.
Etxaburuk adierazi du larunbateko mobilizazioak erakutsi duela euskal gizarteak "Euskal Herriaren burujabetza osoaren bidean" urratsak egiteko borondatea duela, "erabakitze eskubidearen aplikazioaren bitartez". Etxaburuk manifestazioan bildutako "jendetza", aniztasuna –"gehiengo politiko eta sozialaren ordezkariek parte hartu baitzuten horretan"– eta jende gaztearen parte hartzea azpimarratu ditu. "Badago beharra, badago nahia eta badago nahikoa indar", aldarrikatu du.
Gure Eskuko bozeramaileak gogorarazi du Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan –Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian– "autogobernua hobetzea helburu duten" dinamikak martxan daudela: "Dinamika ezberdinak dira, erritmo eta ezaugarri ezberdinak dituztenak, baina denek helburu bera dute: estatus juridiko-politikoa eguneratzea". Etxabururen ustez larunbateko manifestazioak adierazten du euskal herritarrek aukera aprobetxatu nahi dutela, "nazio artikulazioaren eta burujabetzaren bidean funtsezko urratsak egiteko".
EAJ
EAJk ofizialki deialdiari ez atxikitzeko erabakia hartu zuen, alderdikideei askatasuna eman bazienere manifestaziora joateko. Etxaburuk, ordea, garrantzia kendu dio horri, eta eskerrak eman dizkie larunbatean Bilbon izan ziren EAJko kideei: "EAJren ordezkaritza zabala izan genuen Bilbon, eta horri bere balioa eman behar zaio, EH Bildurenari, EH Bairenari eta Ahal Dugunarenari ere ematen diogun bezala". Azpimarratu du hurrengo asteetan "eragile politiko eta sindikal guztien arteko harremanak" sendotuko dituztela.