Erabakitze eskubidearen aldeko dinamikak manifestazioa egingo du Donostian, otsailaren 17an, eguerdiko 12:00etan.
Asteartean hasiko da Espainiako Auzitegi Gorenean Kataluniako urriaren 1eko errefrendumaren harira auzipetutako independentista katalanen kontrako epaiketa. Hori dela eta, Gure Esku Dagok "kalera irteteko" deialdiak egin ditu. Batetik, otsailaren 12an bertan Hego Euskal Herriko hiriburuetan elkarretaratzeak izango dira, eta egun berean GEDeko ordezkaritza bat Madrilen izango da auzipetutakoei eta preso politiko katalanei babesa emateko.
Bestetik, otsailaren 17an manifestazioa antolatu du Donostian, eguerdiko 12:00etan Katalunia Plazatik abiatuta. Mobilizazio horrek, gainera, "bereizgarri" bat izatea nahi dute: "Otsailaren 17an, horiz, elkartasun kolorez jantziko ditugu Donostiako kaleak", azaldu dute; horretarako aterki horiak jarriko dituzte eskuragarri ibilbidearen hasieran eta amaieran.
"Preso dauden buruzagi katalanen askatasunarekin batera, herritar guztion eskubideak daude jokoan", azaldu dute azkenik, eta hiru aldarrikapen nagusi nabarmendu dituzte: "Konponbidea, demokrazia eta askatasuna".