Urtebeteko lana baloratu eta aurrerantzean eman beharreko pausoez hausnartzeko, ostiralean herri ordezkariekin batzarra egin zuen Gure Esku Dagok Arrasaten. Uda gogoeta egiteko erabili ostean, irailaren 13an ekingo dio ikasturte berriari erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak.
Ekainaren 8ko giza katea aurkeztu zutenetik urtebetera, jarritako erronka “ondo baino hobeto betetzeagatik” eta “pentsatu, sinetsi eta egin” izanagatik zoriontzeko moduan daudela adierazi zuen egitasmoko bozeramaile Zelai Nikolasek Arrasaten.
Giza katea “izebergaren punta” izan dela eta Durango eta Iruñea eskuz esku lotu zuten herritarrak zoriondu zituen Nikolasek. Erabakitzeko eskubidea helburu, herriz herri sortutako dinamikak, konfiantza eta aniztasuna azpimarratu eta aurrera begira, bidea herritarrekin batera egiten jarraitzera deitu zuen.
Berriak jasotako Nikolasen adierazpenetan irakur daitekeenez, "jadanik daudenak baino gehiago" izatea behar du mugimenduak, euren esanetan, erabakitzeko eskubidea Euskal Herriko hiru milioi biztanleak batzen dituen printzipio demokratikoa baita.
Kataluniara eta Eskoziara begira
Udatik bueltan Katalunian eta Eskozian jazoko diren gertaeretan begia jarrita dauka Gure Esku Dagok. Katalunian irailaren 11n egingo da Diada eta Eskozian galdeketa irailaren 18an.
Joan den urtean Europan “erabakitzeko eskubidearen trena” abian zela aipatu zuten eta Nikolasek esan zuenez, Gure Esku Dagok bagoi berri bat gehitu tren horri. “Demokraziaren eta erabakiaren” tren horretan egiteko bide luzea dagoela adierazi zuen.