Gure Errepublikaren Alde


2017ko abenduaren 05an - 12:23
Joseba Larratxek egin du kanpainako irudiak.

“Jabego pribatua” irakurtzen baduzu bidearen alde batean, bestaldean dago gure errepublika. Hemen kaleak beti izango dira gureak.

Sartu zarela jakingo duzu, ez dizutelako pasaporterik eskatuko, ez baitu axola nondik zatozen, baizik eta nora goazen. Nor zaren ere ez dizu inork galdetuko, nor izan nahi dugun ari gara bilatzen.

Gutxi batzuek dena esan ordez, denek pixka bat esaten dute: horrelakoa da gure errepublika.

 

“Hori ezin da gertatu” esaten dutenean, “gertatzen ari da” erantzutea da gure errepublika. Hemen ezina, kontatuz da egina.

Debekatuta dagoela dioen mozalari zortzi kamerarekin apuntatzea, “balitz” ordez “bada” esatea; kontsignak, egiturak, programak, gidoiak dardarka jartzea, elkarrekin pentsatzen hastea.

Izen berriak asmatzean sortzen den toponimia: hori da gure errepublika.

 

“Ongi etorri errefuxiatuak” eta “nik sinesten dizut” gurutzatzen diren lekuan ezagutuko duzu gure errepublika. Hemengo balkoietan banderak ez dira trapu bihurtu.

Zakarra alfonbra azpian gordetzen ez duen portala; eztabaidatzen duten, haserretzen eta berradiskidetzen dakiten bizilagunen eskailera; elkar zaintzen dutenen komunitatea, plazan erabakitzen dutenen boterea.

Barrua daukan edonork kanpora ateratzeko behar duen bozgorailua: horretarako da gure errepublika.

 

Hitz hauek erabilita mugarik ez dugulako da lurralde hau gure errepublika. Hemen irabazteko daukagu galdu den guztia.  

Behar duzuna har ezazu eta ahal duzuna eman, dirurik ez daukanak asko balio digu. Etorri gure herrira, informatuz gozatu ezazu, lagunekin partekatu, zure sarean hedatu. Mezu bakoitzak deskubritzen digu lurralde berri bat.

Komunikabide honetan hasten da eta denon eskutik eskura ikusiko dugu norainokoa duen zabalera: pasa zaitez gure errepublikara.


Eguneraketa berriak daude