Gure dirutik nork zenbat ostu du eta nora eraman?

  • Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak duela gutxi arte herrialde txiroetako jendeak zukutzen zituzten zintzurretik estututa. Orain Europa da politika berdinen laborategia: estatuak argaldu, zor publikoa aitzakiatzat hartuta. Altermundialistek proposatzen dute erakunde publikoen zorrak auditatu eta bidezkoak ez direnak ez pagatzea.


2012ko maiatzaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Alacanteko (Herrialde Katalanak) ATTAC erakundearen kanpaina baten afixa, zeinetan proposatzen baita zor publiko bidegabea ez ordaintzea.

Orain artekoa ahaztea hobe da,  dio Murtziako (Espainia) gobernu autonomoan  Ekonomia Kontseilari den Juan Bernalek, kazetariak galdetu diolarik ea nola iritsi diren horrelako defizit handira. Erdaraz nabarmenago geratzen da: “A veces casi no merece la pena detenerse en por qué hemos llegado a esto” (El País, 2012ko maiatzak 15, 9. orr). Tsunamiak harrapatu gaituen honetan, hondamendiaren atakan, corralitoaren mehatxua zintzurrean... hobe orain artekoak ahaztu eta nola edo hala berriro bira egitea. Gerrikoak ondo estututa, prefosta.

Alderantzizkoa diote Damien Millet eta Eric Toussaintek AAA. Audit, Annulation, Autre politique (Auditoria, Ezabatzea, Bestelako politika) liburuan: hitz egin dezagun nola heldu garen honaino. Alegia, langileek eta oro har herritarrek ez dutela onartu behar azken hamarkadotan bizi-baldintzetan lortutako hobekuntza guztiak desagertzea estatuen zorrak kitatzearen truke.

XXI.eko krisitzarrak ekarri duen aldaketa ederki azaltzen du xehetasun honek: Millet eta Toussaint ari diren eta liburua argitaratu dien erakundeak izena du CADTM Comité pour l'Annulation de la Dette du Tiers Monde, hots, Hirugarren Munduaren Zorra Ezabatzearen aldeko Batzordea. CADTM orain herrialde aberatsetako zor publikoaren auditoria eskatzen ikusteak erakusten du noraino heldu diren munduko multinazionalak, Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa planeta osora zabaltzen hasita duela hiru hamarkada herrialde txiroetan ezarritako politika neoliberalak. Millet matematiketako irakaslea da Frantzian eta Toussaint zientzia politikoetan doktore, ATTAC mugimenduko liderretakoa.

Tituluko “AAA” horrekin hitz jokoa egiten dute egileek: “Beren herrialdeen AAA kalifikazioa salbatzeko, agintari europarrek, Europako Batzordearekin eta Nazioarteko Diru Funtsarekin elkar hartuta, beren herritarrei ezartzen dizkiete austeritatea, atzerakada soziala eta giza eskubideen urraketa”.

178 orrialdeko liburuan krisia analizatzen dute eta lehertu denetik agintariek hura gainditzeko aplikatu dituzten neurriak, baina salatuz krisiaren errudunak babestearekin batera ondorioak hura nozitu behar duten herritarrei jasanarazten dietenen logika neoliberala

“Zor publikoaren auditoria on bat da bide bakarra erabakitzeko zor horren zein zati ez den legitimoa, eta ondorioz ezabatu beharrekoa. Horrela, zorra den fardel zamatsu horren azpitik askatuta, europarrek ezarri ahal izango dute bestelako politika bat gaur nagusi den austeritatezkoa, arriskutsua eta bidegabea etenda”.

Atenastik Madrilera eta Londrestik New Yorkera mobilizatzen ari diren herritarrei argudio ondo josi bat luzatu nahi diete Millet eta Toussaintek: “Borroka sozial sendoek, ez beste inork, lortu ahal izanen du auditoria hori egunen batean egia bihurtzea, apustuaren handiari egokituko zaion logika aldaketa erradikala”. Gertatuko ote da? Ezin jakin. Baina proposamenak badu berez indarra.

Auditoria eta moratoria

Belgikako Le Soir egunkarian Dominique Bernsek elkarrizketatu du  Toussaint, lehen galderan jarrita hedabide nagusiek oinezko soilon buruetan josi dituen mantrak: gure finantza publikoak krisian daude, Estatuen zorrak handiegiak dira, dagokigun mailaren gainetik bizi izan gara, eta orain tokatu zaigu gerrikoa estutzea.

Toussaintek ukatzen du eskema hori: “Krisia sortu da bankuen eta enpresen zor pribatuetatik. Gero bihurtu da finantza publikoen krisi, estatuen esku hartzearen ondorioz. Gure arazoen jatorri nagusia zor publikoan datzala eten gabe zabaltzen dutenen kontra gaude gu. Ez dut ukatzen zor publikoak gaur egun handiegiak direnik. Baina ez dute horiek sortu krisia”.

Estatuek ez dituzte aprobetxatu, dio Toussaintek, 1990ko eta 2000eko hamarkadetan beren finantzak hobetzeko eduki dituzten aukerak. Aitzitik, opariak egin dizkiete kapitalista handiei. Horrela harrapatu ditu finantza pribatuen krisiak, eta hazkunde ekonomikoaren gelditzeak are gehiago hustu ditu estatuen altxorrak. Baina “bankuen kutxak aktibo toxikoz beteta daude, Portugalen edo Greziaren bonoek baino askoz arrisku handiagoa daukaten aktiboez”.

Bankuak ez ote ziren salbatu behar? Toussaint eta Milleten aburuz, “herritarren aurrezkiak ziren zaindu behar.  Baina bankuen sistema garbitu behar zuten agintariek, akziodun handien patrimonioei zergak handituz. Aurrezki eta kreditu erakunde publikoak sortu edo mantendu behar ziren. Baina iritzi publikoari ezkutatu zaio finantza pribatuek krisiaren leherketan izan duten erantzukizuna”.

Zor publikoa murriztu behar dela? Ezetz diote Millet eta Toussaintek. Eta zerbitzu publikoak mantendu ahal izateko bi ahoko ezpataz borroka egitea proposatu dute: alde batetik fiskalitatea hobetu gehien dauketenei gehiago pagaraziz, bestetik zor bidegabea ezabatu.

CADTMk eta justizia globalaren militanteek milatan esana errepikatzen dute hemen Millet eta Toussaintek: “Legeak bermatutako zor bat izan daiteke erabat bidegabea herritarrei galdetu gabe eta haien interesen kontra ezarri bada. Belgikak 20.000 milioi usatu behar izan ditu bankuak salbatzeko, horretarako zorretan sartu behar izan du. Zor hori bidegabea da. Guk ez dugu proposatzen zor publikoaren tituluak erosi dituzten herritarrak zigortzea, oso bestela baizik. Belgikaren zor publikoa nagusiki ez dago oinezko herritarren tituluetan: Estatuak salbatu dituen banku horien eskuetan dago. Justizia besterik ez litzateke horiek behartzea bidezkoa ez den zorra kitatzera”.

Hona proposamena: zor publiko guztien auditoria, aldi berean pagakizunen moratoriarekin, erabakitzeko zein zati den bidezkoa eta zein ez. Europan haizeak justu beste aldera jotzen du. Europako Banku Zentralak eta Nazioarteko Diru Funtsak erabateko kontrola hartu dute estatuen gain, kapitalen gaineko kontrol oro ezabatu, agintari politikoek sortuak izan arren herritarren edozelako kontroli ihes eginik jokatzen dute.

Hala ere zor publikoen ezabatzea aurretik ere egin da historian zehar, eta berriro egin daiteke, egileon ustean. “Zorrarena da austeritate planei eta urteotako lorpen sozialen galerari aurre egiteko gakoa. Zorraren soka beldurgarria eteteko borroka”.

Ekin diezaiokegu hemen ere auditoriari. Nork non dauzka Bankiak galdu dituen sosak? Eta agintariei sos eske dabiltzan gainerakoenak, zeinek eraman ditu zertarako?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ekonomia
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Artoaren iraultza: Ameriketatik etorritako ogia

 Hainbat herritan antolatzen diren sagardo egunetatik hasi eta neguko solstizioa zedarritzen duen San Tomas feriaraino, artoa ezinbesteko osagaia da folklore-kutsua duen ospakizun orotan. Nonahi ikus daitezke talogileen postuak, olanazko estalkietatik zintzilik jarritako... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


2024-03-25 | ARGIA
Baserrien zurezko egiturak berritzen ikasteko programa martxan jarri dute mugaz bi aldeetako erakundeek

"Baserriberri" du izena programak eta langabezian diren Euskal Herri osoko 12 ikasleri zurgintza formazioa emango die, erortzear diren baserriak berritzen ikas dezaten.


Eguneraketa berriak daude