Gure bizitzako irudi banda

  • “Uso zuria, uso gorria, dantzan nabil suaren gain…”. Nestor Basterretxea hil dela jakin dudanetik  haurtzaroko soinu bandaren parte den abesti hura dabilkit buruan. Basterretxeak berak zioenez, beharbada euskaldunok ahozkotasuna transmititzeko joera daukagulako, irudiak jaraunstekoa baino. Baina doinu eta hitz horiei lotuta bermeotarrak diseinatutako kartela dator beti, 1978an Euskaltzaindiak antolatutako Bai Euskarari kanpainako ikurra. Nire oroimenean kartela ez dut hormetan itsatsita ikusten, ziurrenik trantsizio urte haietako afixa gaindosian galduta dudalako; Basterretxearen uso zuri, gorri eta beltza soinean eraman  genuen haurtzaroan, elastikoan serigrafiatua.


2014ko uztailaren 15an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Nestor Basterretxea, 2002an. Arg: Dani Blanco.

Orduan Nestor Basterretxea  nor zen ere ez genekien.  Are gutxiago arkitekto izan nahi zuela, Le Corbusierren eragina jaso zuela, margolanekin hasi zela, baina bi dimentsiotatik askatzeko premiak eskulturara eraman zuela edota kamisetako uso lau horren lerro garbiek ere bolumena iradokitzen zutela. Usoa zela bagenekien, kantaren hitzek lagunduta. Eta, hala, arteaz ezertxo ere ez genekienean, abstrakzioaren eta forma figuratiboen arteko muga lausotzen den gune horretara eraman gintuen ikur hark. Ikurra bihurtu baitzen, gure hizkuntzaren ikurra.

Hamar urte geroago, uso hark odolaren gorria galdu zuen, eta bolumena irabazi. 1988an zazpi metro luze eta bederatzi metro zabal den Bakearen usoa ipini zuten Donostiako Zurriolan. Hemerotekak baieztatuta, “indarkeria erabiltzen duten guztien aurkako obra” zela esan zuen Basterretxeak. Baina orduan “guztien” hori ez zen existitzen, “batzuen” edo “besteen” baizik. Guk Oilotzarra esaten genion. Ezin zitzaigun gustatu. Eta hala ere, txikitako ikur kuttunaren antza zuen: lerro diagonal sendoak, forma abstraktu geometrikoz osatutako irudi garbia (garbiagoa eskulturan kartelean baino). Handik bost urtera, Kursaaleko lanak medio, usoa Amara Berrira aldatu zuten. Egileak kokapen berria onartu arren, eskultura itsasoko enbatei eusteko sortu zuen eta handik aurrera futbolzale oldeen lekuko besterik ez da izan. Eskultura publikoak espazioaren parte izan behar du, inguruan eragin behar du.

Eta horixe nahiko genuke, Eusko Legebiltzarraren ikurrak inguruan benetako eragina izatea, soilik hiru herrialde ordezkatzen dituzten legebiltzarkideen buru zazpi adarreko egurrezko zuhaitza baitago, Basterretxeak 1984an han ipini zuenetik.

Euskara eta artearen artean, euskal iruditeria kolektiboan “zulo beltza” antzeman zuen artistak, eta hutsunea betetzea izan zuen xede. Aita Barandiaranen mitologiari buruzko lana hartu zuen oinarri, eta Barandiaranek berak sinesmen horiei izaera fisikoa ematera animatu zuen. Hilarriak, argizaiolak, eguzki-loreak berrinterpretatu zituen artistak. Espazio publikoetan daude lan horietako batzuk, Leioako Indarra estela, esaterako.

Baina Basterretxearen Euskal Kosmogoniak eremu pribatua ere hartu du nolabait. Interneten ikusi dut Basterretxearen estela diskoideoen sortako ale batzuk enkantean saltzen dituztela. Eta eskultura txiki horiek hainbat tokitan ikusi ditudala iruditzen zait, etxeetako apaletan, garaikurretan, euskal ikurren interpretazio guztietan. Euskal iruditeria osatzeko Basterretxeak eraiki zuen zubia beste askok zeharkatu duen seinale.

Txikitan Bai Euskarari elastikoa jantzi genuenon belaunaldiak ez du ezagutu Gaur taldea, Arantzazuko polemikaren azken atalaren lekuko besterik ez da izan, izatekotan, askok Nestor Basterretxea nor den ere ez dakite, baina haren irudiak barneratu dituzte oharkabean. Norbait hiltzen denean komunikabideak topikoz bete ohi dira, eta oraingoan ere Nestor Basterretxeak utzi duen hutsunea titularrean aipatu duenik izan da. Baina gure ondare estetikoan antzeman zuen hutsune hura ederki beteta joan da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nestor Basterretxea
2022-01-31 | Leire Artola Arin
Euskaldunen kontrako pintaketak egin dituzte Baionako Nestor Basterretxearen eskulturan

Eskuin muturreko ekintzaileei leporatu diete eskultura bandalizatu izana: Hau kaka euskalduna da idatzi dute frantsesez, eta Heil pepito agur nazia margotu. Jean-René Etxegarai auzapezak jakinarazi du salaketa jarriko dutela. Gainera, Frantziako Alderdi Komunistaren... [+]


Basterretxean barrena

Gasteizko Foru enparantzan metalezko eskultura berri bat agertu da, Nestor Basterretxearen (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) erakusketara ongi etorria ematen duena. Eremu anitzetan jardundako artistak sortutako 300 artelan baino gehiago biltzen ditu esposizioak, hala... [+]


Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez
Bizitza iruditan

Badira erakusketa madarikatuak. Horietako bat izan zitekeen Nestor Basterretxeari Donostiako Tabakaleran dagoen Kutxa Kultur Artegunea aretoan eskaintzen zaiona, inauguratu eta handik astebetera itxi behar izan baitzituen ateak. Ekainaren hasieratik urrira bitartean baina,... [+]


2014-08-19 | Judith Perez
Zarautzeko Photomuseumak Nestor Basterretxea omendu du

Argazkigintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen du Zarautzeko Photomuseumak gaur, abuztuaren 19an. Aurten Nestor Basterretxea omendu dute, artistari buruzko dokumentalaren proiekzioarekin.


2014-07-20 | Estitxu Eizagirre
Nestor Basterretxea
Artistaren mila aurpegiak

Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko zurezko zuhaitza, Donostiako Bakearen Usoa, Renoko (Nevada, AEB) Euskal Artzainari monumentua… ikustean etorriko zaio herritarrari Basterretxearen izena burura.


Eguneraketa berriak daude