argia.eus
INPRIMATU
Sektore publikoan gurasotasun baimena luzatu eta seme-alaba bakoitzeko diru laguntza handituko duela iragarri du Jaurlaritzak
  • Eusko Jaurlaritzaren Familia, Haur eta Nerabeen V. plana aurkeztu du Nerea Melgosa sailburuak asteazkenean. Hamazazpi "trakzio-neurri berritzaile" jaso ditu planak, baina ez dute zehaztu noiz jarriko diren indarrean.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 24a
Eusko Jaurlaritzaren familien, haurren eta nerabeen V. planaren aurkezpena. Irekia

Aurkezpenean iragarri dituzten neurrien artean daude gurasotasun baimena 24 astera luzatzea sektore publikoko langileentzat, eta seme-alaba bakoitzeko laguntza ekonomikoak luzatzea. Egun gurasoek hiru urtez jasotzen duten 200 euroko laguntza lau urtera arte luzatzea proposatu dute.

Bestelako neurriak ere jasotzen ditu planak, hala nola haurreskolen eskaintza zabaltzea, guraso bakarreko familientzako dekretu espezifikoa, sexu indarkeriaren biktima diren adin txikikoentzat arreta zerbitzu espezializatua abian jartzea, eta Haurren eta Nerabeen Behatokia sortzea.

Neurriak indarrean jartzeko datarik ez

Berriak jaso duenaren arabera, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua, Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzaren “konpromisoa” azpimarratu du, eta legegintzaldi honetan neurri horiek ezarriko dituztela adierazi du, nahiz eta ez duten oraindik epe konkreturik zehaztu. Naizen arabera, Jaurlaritzak ez duenez oraindik adostu diru laguntza horiek luzatzeko data zehatzik, 2026ko aurrekontuak onartzen dituzten arte ez dute zehaztasunik iragarriko.

Sailburuak azpimarratu du neurriak “lehenbailehen” onartu nahi dituztela, baina oraindik Haur eta Nerabeen Kontseiluko eta Familia Kontseiluko eragileen ekarpenak behar dituztela, eta Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin ere adostu nahi dutela. Planak bost urteko indarraldia izango du, eta urtero berrikusiko dute, horrela "malguagoa" eta "errealistagoa" izango da, Melgosaren hitzetan.