argia.eus
INPRIMATU
GuraSOSen galdeketa gertuago, epaitegiak aldundiaren argudioak baztertu ostean
  • Erraustegiaren aurkako familien plataformak zortzi egun ditu parte-hartze prozesu bat abiatzea eskatzeko. Aldundiaren arabera, galdeketak pertsonek soilik deitu ditzakete.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 18a
Epaitegiaren ebazpena bertatik bertara jakiteko, GuraSOS elkarteko kide ugari bildu zen Donostiako epaitegiaren atarian.

Zubietan eraiki asmo duten erraustegiaren inguruko galdeketa egiteko bidean pauso bat gehiago eman du GuraSOSek. Erraustegiaren eraginarekin kezkatuta dauden familien elkarteak prozesu parte hartzaile bat irekitzeko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiari iragan uztailaren 28an, baina Aldundiak ukatu egin zion aukera hori.

Gauzak horrela, administrazioarekiko auzi-prozesuen Donostiako epaitegian errekurtsoa aurkeztu zuen GuraSOSek, eta aldundiak trabak jarri dizkio errekurtsoari, Naiz-ek jakitera eman duenez. Gurasosen arabera, “aukera hori pertsonei dagokiela, eta ez elkarteei”, argudiatu zuen Markel Olano buru duen instituzioak.

Familien elkarteak zehaztu duenez, foru instituzioaren araudiak “elkarteei soilik uzten die prozesu parte-hartzaileak abiarazten”. Hain justu, hori izan da GuraSOSi izaera juridikoa emateko arrazoi nagusia.

Bi aldeen azalpenak entzun ostean hartu du erabakia epaitegiak. Txarretsi egin ditu Aldundiaren argudioak, eta GuraSOSen eskaerari ateak zabaldu dizkio. Hala, elkarteak zortzi egun ditu prozesua abiatzea eskatzeko. GuraSOSen ustez, “garrantzitsuena ez da epaitegiaren erabakia, Aldundiaren jarrera baizik”. Elkartetik adierazi dutenez, Aldundiak “herritarrei parte-hartze eskubidea ukatu eta gaiaren benetako itxura aldatu” nahi izan du.