argia.eus
INPRIMATU
GuraSOSek ostiralean entregatuko dio plan alternatiboa Gipuzkoako Foru Aldundiari
  • GuraSOSek berrikitan aurkeztutako Gipuzkoako hondakinen plan alternatiboa urtarrilaren 4an eguerdiko 12:00etan entregatu nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Familiei dei egin die ordu laurden lehenago elkarturik azaltzeko Gipuzkoako Plazan, helduak beltzez eta haurrak baserritarrez jantzita, lepoan izar gorri bana daramatela.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko urtarrilaren 02a
GuraSOSek abenduaren 29an aurkeztu zuen hondakin plan alternatiboa, urtarrilaren 4an Gipuzkoako Foru Aldundiko agintarien eskuetan jarriko duena. (Argazkia: Noaua)

GuraSOSek heldu den ostiralean Diputazioari eskuetan ipini nahi dion hondakin plana da abenduaren 29an Orona kooperatibaren Ideo eraikinean jendaurrean aurkeztu zuena. Usurbilgo Noauak egun hartan plazaratu zuenez, Residua Consulting enpresako Antton Lete eta Iñigo Irigoyen teknikariek ondu duten planak bestelako  planteamendu bat egiten du 2030. urtera arte. “Aurrez bioegonkortutako udal hondakinak, “gordailu inertizatu bidez kudeatzea, zigilatutako eta isolatutako gelaxketan”. Instalakuntza honek, “gaur egun martxan diren instalazioak erabil ditzake eta beraz, ez da beharrezkoa lurzoru berriak okupatzea”. Aurkezpen saioan zehar zehaztu zutenez, “dagoeneko garatua den teknika bat da, gure ingurunean ere praktikatzen dena”. Bizkaian Foru Aldundiak Artigas instalazioetan halako gelaxkak jarri berri dituela nabarmendu du GuraSOSek. 

Noauak jasotako bideo honetan laburbiltzen da GuraSOSen planaren mamia:

 

GuraSOSen plana aurreko hilabeteetan landutako Hitzartu prozesuaren emaitza da. Pertsonalitate famatuz osatutako berme batzorde batek gainbegiratu du prozesua eta planaren aurkezpen saioan berme batzordearen bozeramaila aritu ziren Bernardo Atxaga, Garbiñe Biurrun eta Esther Larrañaga, Juanjo Alvarezek bideoz hartu zuelarik parte. Horien azken iritzia bildu du Noauak beste bideo honetan: