Eskolaz kanpoko jardueren eskaintza zabala egiten duten ikastetxeen aldean, beste askok ez du horretarako aukerarik; eta eskola bereko ikasleen artean ere, denek ezin dute ekintzetan parte hartu, baliabide ekonomikoek baldintzatuta. Esku hartzeko dei egin diete instituzioei: “Ba al dakizue zein garrantzitsua den ume zaurgarrienek ere jarduera hauetan parte hartzeko aukera izatea?”.
Gasteizko Judimendi eskolako profesionalek gutuna bidali diete hiriko udalari, Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, ikastetxeko guraso elkarteek antolatzen dituzten eskolaz kanpoko jardueretan ematen den arrakala bikoitza azaleratuz. Batetik, ekintza horien eskaintza zabala egiten duten eskola publikoekin alderatuta, “beste askok zailtasun ikaragarriak ditugu ekintza xume batzuk eskaini ahal izateko”. Azken finean, guraso elkarteak finantzatzen dira gurasoen kuotetatik eta instituzio publikoen dirulaguntzetatik, eta hainbat eskolatan jarduera batzuk ezin dira eskaini ere egin, ez badute nahikoa ikaslek izena ematen, familiek ezin dutelako jarduerak kostatzen duena ordaindu.
Bestetik, eskola bakoitzaren barruan ere ematen da arrakala, baliabideak dituzten eta baliabide nahikorik ez duten (eta beraz, eskaintzen diren jardueretan parte hartu ezin duten) familietako umeen artean.
“Izan al duzue aukerarik eskola kirolean egiten diren topaketa eta partiduak ikusteko? Konturatu al zarete parte hartzen duten umeen profila zein den? Non daude hor ez dauden ume guztiak?"
Jarduera horiek hezkuntza proiektuaren parte direla ulertuta, are gehiago, guraso elkarteen bidez eskolak berak egiten duen eskaintza dela aintzat hartuta, “nola da posible zerbitzu publiko berdinen artean horrelako aldeak egotea?” , salatu dute Judimendin. “Azalpena sinplea da: eskola bakoitzeko guraso elkartea erakunde publiko baten barruan eragiten duen erakunde pribatua da”.
“Izan al duzue aukerarik asteburuetan eskola kirolaren barruan egiten diren topaketa eta partiduak ikusteko? Konturatu al zarete erakunde publikoen esku dagoen jarduera horietan parte hartzen duten umeen profila zein den? Non daude hor ez dauden ume guztiak? Zergatik ez daude hor? Ba al dakizue zein garrantzitsua den guztiontzat ume zaurgarrienek ere jarduera hauetan parte hartzeko aukera izatea?”, diote.
Izan ere, ekintza hauek “inpaktu oso esanguratsua” dute ikasleen ikaskuntza prozesuan eta batez ere hiriko kohesio sozialean: “Eskola kirolean eta bestelako jardueretan parte hartzen duten ikasleak eskola ezberdinetako umeekin aritzen dira astebururo, Gasteizko beste eskolak eta hiriko txokoak ezagutzen dituzte, euskara indartzen dute eta eskola orduetan landutakoa osatzen dute…”. Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten ikasleak hortik kanpo uztea segregatzailea dela eta instituzioei arazoa konpontzea (ume guztiek parte hartzeko aukera bermatzea) dagokiela iritzi dio Judimendiko hezkuntza komunitateak, eskola publikoen eskaintza den heinean.
Gaiari arduraz heltzeko eskatu diete gutunean Udalari, Aldundiari eta Jaurlaritzari, bakoitzak dituen eskumenetatik abiatuta.
Gaiari lotuta:
Eskolaz kanpoko jarduerak, kohesio sozialerako aukera galdua
Zestoan euskararen erabilera handitzea helburu, aisialdia doan baliabide urriko haurrentzat