Euskal Udalekuetan egondako haur eta gazteen guraso edo/eta tutore legal gisa, babes osoa adierazi nahi dizuegu Bernedoko begiraleoi. Guztiz gaitzesten ditugu hezitzaileak jasaten ari zareten jazarpena eta sare sozialen bidez, publikoki zein maila pribatuan, egin zaizkizuen akusazioak eta mehatxuak. Aldi berean arbuiatzen dugu hainbat hedabidek, publikoek barne, aukera baliatu izana egoera magnifikatzeko eta distortsionatzeko eta zuen lana kriminalizatzeko.
Gure etxeko haur eta gazteek izan duten aukeragatik oso eskertuta gaude:
Eskerrik asko, euskara eta feminismoa ardatz dituzten udalekuak bizitzeko aukera eskaini diezuelako.
Eskerrik asko, garaiotan hain garesti dauden auzolana eta lan bolondresa errealitate bihurtzen duzuelako.
Eskerrik asko, belaunaldi gazteenei aniztasuna, bere zentzu zabalenean, parez pare jartzeagatik.
Eskerrik asko, botere harremanen zein pribilegioen inguruan hausnartzeko momentuak eskaini dizkiezuelako.
Eskerrik asko, bizitzako oinarrizko momentuak (otorduak, higienea eta deskantsua) esparru politiko bihurtzeagatik.
Eta eskerrik asko, pertsona ororen gorputza eremu politikoa dela argi uzteagatik.
Etorkizun zentzuzkoago eta ederrago baten alde egiten duzuen ekarpen guztiagatik, bihotzez eskerrik asko. Indarra eta babesa bidaltzen dizkizuegu pasarazten ari zaizkizuen momentu gogor hauetan.
Ez gaituzte diskurtso faltsu, bortitz eta erreakzionarioekin nahastuko. Zuekin gaude. Ez izan zalantzarik.
Euskal Udalekuak babestu ditzagun. Aurrera Euskal Udalekuak!
Bernedoko 137 gurasoren ordezkari:
Aitziber Esnaola Arribillaga eta Ainhoa Agirreazaldegi Rekondo