Ostiralean protesta egingo du BBAA Antiespezista talde animalistak. Egun berean, erakusketa berri bat zabaltzekoa da museoa, eta ikasleek salatu dutenez, bizirik dauden animaliak jarriko dituzte obra moduan.
Adierazpen askatasunaren aitzakian, Guggenheim Museoak animaliak euren mesedetarako erabiliko dituztela salatu du Arte Ederretako ikasle talde batek. Maiatzaren 11tik irailaren 23ra iraungo du erakusketak, eta animalistek nabarmendu dutenez, animaliak jazartzen dituen erakusketa da, gizakion “kapritxoz”. “Euren artean bateragarriak ez diren animaliak elkarbizitzen jarriko dituzte eremu berdin batean. Bideo bat ere emango dute, non gorputz osoa pintatuta duten txerriak larrua jotzen ageri diren”.
Sinadurak biltzen hasi dira interneten erakusketa bertan behera gera dadin eta animalien eskubideak errespeta daitezen. Gainera, protesta egingo dute maiatzaren 11an museoaren kanpoaldean.