argia.eus
INPRIMATU
‘Guggenheim Urdaibai Stop’ek Urdaibaiko proiektuaz hitz egiteko bilera eskatu dio museoko zuzendari berriari
  • Bilboko Guggenheimeko museoaren kanpoaldean bildu dira plataformako kideak, bertan zuelako bere lehen agerraldi publikoa Bilboko Guggenheim Museoko zuzendari berri Miren Arzallusek. Landuko dituen ildoez hitz egiteko "goizegi" dela adierazi du Arzallusek, nahiz eta zehaztu "beste gauza batzuen artean" Urdaibaiko museoarena ere badagoela. Hala ere, Guggenheim Urdaibai Stop plataformakoak entzuteko prestutasuna duela zehaztu du.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko apirilaren 03a
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak eginiko elkarretaratzea. Guggenheim Urdaibai Stop plataforma

Apirilaren 1ean hartu zuen Miren Arzalluzek Bilboko Guggenheim Museoko zuzendaritza, eta gaur, Sergio Prego eta Vito Acconci artisten erakusketa aurkeztearekin batera, lehen agerraldi publikoa egin du. Horren jakitun, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak elkarretaratzea burutu du Bilboko museoaren kanpoaldean. Dozenaka pertsona bildu dira Ama izeneko eskulturaren alboan. Plataformaren izena zuen pankarta bat zuten soinean eta Urdaibai ez dago salgai leloa ingelesez eta euskaraz zeraman pankarta La Salve zubian zintzilikatu dute.  

Zuzendaritza aldaketak "garai berria" zabaltzen duenez, bilera bat izateko eskari formala luzatu diote Arzallusi. Zuzendaritza aldaketa "poztasunez" ikusi dute plataformatik, "pertsona euskaldun eta kultur-mundukoak hartu duelako Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendaritza". Aurrez Bizkaiko Diputatu Nagusi Elixabete Etxanoberekin, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxarekin eta PSE-EEko lehendakarigaia Eneko Anduezarekin bildu bezala, Guggenheimeko zuzendaritza berriarekin batzartu nahi dute, proiektuaren inguruan bere iritzia jasotzeko.

Entzuteko prest

"Busturialdeko herritarrok ditugun kezkak luzatu nahi dizkiogu, eta plataformak duen ikuspuntua zein den azaldu", adierazi dutenez. Halaber, agintari politikoek diotenez proiektua ez dutela ezagutzen eta erabakia museoaren esku dagoela, plataformak Arzalluzekin elkartu nahi du egitasmoari buruzko argibideak jasotzeko.

Arzalluzek hilabete darama Bilboko Guggenheim Museoaren nondik norakoen berri izaten, zuzendari ohi Juan Ignacio Bidarteren laguntzarekin; baina lanean "hiru egun" daramatzala zehaztu du prentsaurrekoan. Horregatik, aurrera eramango dituen asmoak eta ildoak "laster" argitaratuko dituztela adierazi du: "Etorkizunerako ildo nagusiak partekatuko ditugu, baina oraindik hausnarketa horretan nago talde guztiarekin". 

Hala ere, Urdaibaiko proiektua "beste gauza batzuen artean" mahai gainean dagoela jakinarazi du, entzuteko prestutasuna azalduta plataformako kideei: "Gaur hor kanpoan daudela ere errespetu osoz entzuten ditut, eta entzuteko eta zabalik egoteko jarrera hor egongo da beti", Berriak jaso duenez

Lehen aurkezpena euskaraz 

Plataformaren eta agintarien arteko tirabirak direla ere, Miren Arzalluzek orain arte baino presentzia handiagoa eskaini dio euskarari. Sergio Prego eta Vito Acconci artisten You erakusketaren inguruko lehen azalpenak euskaraz egin ditu, eta euskaraz erantzun die kazetariek –euskaraz– egindako galderei ere.