Joan den astean aurkeztu ziren proiektuaren inguruko entzuketa prozesuaren emaitzak, eta Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu ziren. Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzutea exijitu die plataformak, eta proiektuaren inguruko informazio eta gardentasun falta leporatu die: "Herritarren narratibak zehatzak izatea bada benetan helburua, beharrezkoa da proiektu hau ezagutzea".
Joan den astean aurkeztu ziren museoaren inguruko entzuketa prozesuen emaitzen harira, Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Busturialdeko herritarrek esandakoa aintzakotzat hartu eta errespetatzea eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari, asteartean argitaratutako ohar batean. Izan ere, ALC Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzapean egindako Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko entzuketa prozesuaren emaitzak argiak dira: herritarren gehiengoa dago proiektua eraikitzearen aurka, museoaren Muruetako kokalekuak sortzen duen "ezinegon handiagatik" eta horren eraikuntzan sustatuko lukeen turismo ereduagatik.
Entzute prozesuak izandako emaitzen inguruan instituzioek izan duten "isiltasunaren" aurrean, plataformak aldarrikatu du Busturialdeak ez duela Guggenheim museorik behar: "Kalean herritarrek adierazitakoa nahikoa ez bada, prozesu honetan ere gauza bera errepikatu da". Horrez gain, Murueta museoa egiteko lekua ez dela "argi" gelditu dela adierazi dute: "Biosfera Erreserbaren bihotza da. Dagoeneko egoera zaurgarria duen eremua da, saturazio zantzuak erakusten dituena eta berehalako premiazko kudeaketa jasangarri aktiboa eskatzen duena".
Halere, proiektuaren kokapena aldatzearen aurka agertu da plataforma, Busturialdeak ezin baitu "halako makroproiektu turistikorik" hartu. "Ez gaude ez giltzurrunik ez birikarik sakrifikatzeko prest", salatu du plataformak, eta museoaren kokapena mugitzeak ez dituela eskualdearen turistifikazioak ekarriko lituzkeen albo kalte guztiak saihestuko. Hortaz, proiektua bertan behera uzteko eta Busturialdearen beharrei "arduraz" erantzuteko eskatu die plataformak Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.
Informazio eta gardentasun falta
Proiektuaren inguruko informazio eta gardentasun falta leporatu die plataformak instituzioei, eta Guggenheim Urdaibai museoaren nondik norakoak "berehala" argitaratzea exijitu die: "Herritarren narratibak zehatzak izatea bada benetan helburua, beharrezkoa da proiektu hau ezagutzea". Gainera, ALCk entzuketa prozesuaren emaitzen harira eginiko txostenaren irakurketa "okerra edo interesatua" egiteak prozesuarekiko errespeturik ez duela erakusten salatu dute: "Proiektuak oposiziorik ez duela esatea manipulazio hutsa da".
Izan ere, plataformak gogorarazi du herritarrak "beste azpiegitura kultural batzuk" onartzeko prest daudela: esaterako, Busturialdea-Urdaibai Eskualdeko Plan Estrategikoan proposatutakoa. ALCk urte bukaerara arte segituko du Busturialdeko herritarren iritziaren bilketak egiten, eta mila elkarrizketetara heltzea du helburu. Azken txostena datorren urte hasierarako espero dute.