argia.eus
INPRIMATU
Guggenheim Urdaibai egitearen kontrako iritziak gailendu dira entzuketa prozesuan
  • Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta eta Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibertsitatearen gidaritzapean egindako entzuketa prozesuaren emaitzak aurkeztu dituzte uztailaren 23 honetan. Museoa eraikitzearekin sustatuko litzatekeen turismo ereduari buruzko kezka nabarmendu da ideia nagusien artean.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko uztailaren 24a
Guggenheim Urdaibairen kontrako protesta bat Bilbon. Ekologistak Martxan

Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko lehendakaria eta Itziar Moreno zentro horretako alboko lehendakaria egon dira Gernikan asteazken honetan, Guggenheim Urdaibai proiektuari buruzko entzuketa prozesuaren emaitzak aurkezten. Emaitzak argiak dira: museoaren Muruetako kokalekuak "ezinegon handia" sortzen du, eta ez bakarrik aurka dauden herritarren artean, baita museoa eraikitzearen aldekoen artean ere. Espiauk ondokoa zehaztu du aurkezpen agerraldian: "Ikuspegi turistiko eta teknikoek ez dituzte Muruetaren balio materiala eta emozionala aitortzen". Horrez gain, museoaren eraikuntzak sustatuko lukeen turismo eredua ere da Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiteko arrazoi nagusien artean. Garraio publikoak gainezka egitea eta etxebizitzaren prezioa haztea dira, besteak beste, herritarrek adierazitako kezken artean. Nola ez, herritar anitzek ohartarazi dute ingurune hori erreserba naturala dela, eta eraikuntza ilegala litzatekeela.

Otsailean jakitera eman zuten Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak entzuketa prozesuaren berri, eta dagoeneko 500 elkarrizketa eginda herritarren aurkakotasuna ezin argiagoa dela erran daiteke.

"Entzuketa prozesuko parte-hartzaile guztiek dute egungo turismo eredua aldatzeko beharra azpimarratu", ohartarazi dute aurkezpenean. Horrez gain, gisa horretako egitasmoen kasuan, herritarrek erakundeei informazioa eta gardentasuna eskatzen dizkietela ere nabarmendu dute.

Urte bukaera arte segituko du Busturialdeko herritarren iritziaren bilketak, eta mila elkarrizketetara heltzea dute helburu. Azken txostena 2026. urte hasierarako espero dute. Prozesuari dagokionez, ondoko hilabeteetan zer hobetua ere badela azpimarratu dute agerraldian. Batetik, bildutako ideietan sakontzea falta delako eta bestetik, migratzaileen, gazteen, nagusien eta beste kolektibo zaurgarri batzuen parte hartzea emendatzeko beharra ere ikusten dutelako.

Herritarrak entzuteko deia

Emaitzak jakin bezain laster, entzuketa prozesuan nabarmen gelditu den aurkakotasuna errespetatzeko deiak zabaldu dira ezker eskuin. Guggenheim Urdaibai proiektuaren aurkako herri-plataformak fermuki galdetu die insituzioei eta museoari herritarren hitza errespetatzea. Gauza bera galdetu du Greenpeacek ere. EH Bilduk ere eskatu die Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Guggenheim Fundazioari herritarren iritziak errespetatzeko eta ingurumena zainduko duen plan estrategiko bat garatzeko.