argia.eus
INPRIMATU
“Guernica” horma-irudia pintaketekin esnatu da Gernikan
  • Erregea kanpora. Pedirnos perdón (eska iezaguzue barkamena). Queremos libertad (Askatasuna nahi dugu)”, diote horma irudian egindako pintaketek, El Diario-k zabaldutako albistean ikus daitekeenez.

ARGIA @argia 2025eko azaroaren 28a
Horma-irudian agertu diren pintaketak. @iƱigo_ansola

Testuinguru berezian agertu dira pintaketak, ostiral honetan Frank-Walter Steinmeier Alemaniako presidentea Gernikan izango den egunean, Alemaniako estatuburu batek herrira egiten duen lehen bisitan. Aldez aurretik, Madrilen igarotako egunetan zera adierazi du Steinmeierrek: “Krimen hau alemanek egin zuten. Gernikak oroigarri moduan balio digu, eta gogorarazten digu bakea, askatasuna eta giza eskubideak defendatu behar direla”. Orain arte, dena den, Alemaniak ez die gerra kalte-ordainik egin gernikarrei. 1996an Alemaniako Gobernuak hiru milioi marko-ko (1,5 milioi euro) dirulaguntza eman zion Gernikari kiroldegi bat egiteko, baina kalte-ordain gisa baino keinu lotsagarritzat jo zen hura, harekin egindako gerra eraso larria estali nahi zelako.

Espainiako Errege Felipe VI.ak lagunduko du Steinmeier presidentea, baina ez dago aurreikusita erregeak gisa horretako adierazpenik egingo duenik. Estatu gisa, Espainiak badu erantzukizunik Gernikaren bonbardaketarekiko, baina oraindik inongo estatu buruk ez die barkamenik eskatu gernikarrei. 

Guernica-ko pintaketei dagokienez, EAJko BBBko buru Iñigo Ansolak sare sozialetan jakinarazi duenez, “Gorrotoan hezteak eta indarkeriaren kultura bultzatzeak horrelako gertaerak ekartzen ditu. Gure memoria iraintzea. Bake sinbolo den Gernika erabiltzea onartezina da”.