Belgikako poliziak bi lagun identifikatu ditu, Guardia Zibileko agentez jantzita Carles Puigdemont bizi den etxera sartzen saiatzen ari zirelako.
ACN agentziak eman du albistea asteazken goizean: Belgikako poliziak Guardia Zibilez jantzitako bi pertsona identifikatu ditu Carles Puigdemont bizi den Waterlooko “Errepublikaren Etxea”-n sartzen saiatzen ari zirenean.
Vilawebek publikatu duen argazki honetan ikus daiteke bi pertsonak identifikatu dituzten momentua.
Poliziak derrigortu ditu uniformea kentzera eta ingurutik aldentzeko eskatu die. Atari kataluniarrak jaso duen informazioaren arabera, alokatutako auto batean zebiltzan bi pertsona horiek.
Puigdemont ez zegoen Waterlooko eraikinean une horretan, joan den asteburutik Genevan dagoelako giza eskubideekin lotutako zenbait ekitalditan parte hartzen –asteazken honetan hitzaldi bat ematekoa da–. Ondoren, Finlandiara bidaiatuko du, hango parlamentuko diputatu batzuekin ekitaldi batean parte hartzeko eta ostiralean Kataluniaren egoerari buruzko hitzaldi bat emango du Helsinkin.