argia.eus
INPRIMATU
Txiki eta Otaegiren fusilatzeen urteurrenean Guardia Zibilak Bilbon erakustaldi militarra egingo du
  • Guardia Zibilak "jardunaldi irekiak" antolatu ditu irailaren 27an Bilboko Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, eta armak eta ibilgailuak erakutsiko dituzte, besteak beste. Naiz-ek argitaratu duenez, erakustaldia egiteko Bilboko Udalaren baimena dauka eta suhiltzaileak parte hartzera gonbidatu dituzte. Txiki Guardia Zibilen pelotoi batek fusilatu zuen egun horretan 50 urte lehenago eta Otaegiren fusilaketan, ez zen lekukorik izan, baina uste da guardia zibilek ere parte hartu zutela.

ARGIA @argia 2025eko irailaren 25
Iaz ere egin zuten erakustaldia eta "harrera ona" ikusita erabaki dute errepikatzea, azaldu dutenez. Bizkaiko Guardia Zibila

Guardia Zibila kalera aterako da irailaren 27an Bilbon. Ramon de la Sota moilan, Karola garabi ezagunaren ondoan, erakustaldi bat antolatu du, eta besteak beste armak, zakurrak, ibilgailuak, itsasontziak eta Ekintza azkarreko Taldeak (GAR) zein helikopteroen unitateak ikusi ahal izango dira goiz osoa iraungo duen "jardunaldi ireki" horietan.

Naiz-ek zabaldu duenez, Bilboko Udalaren Espazio Publikoko Sailak baimena eman dio ekitaldia egiteko. Gainera, hedabide berak azaldu duenez suhiltzaileak ere gonbidatu dituzte Salveko koarteleko ekitaldi batetara. Bizkaiko Guardia Zibilaren sare sozialetako kontuan zintzilikatutako bideo batean azaldu dutenez, "opariak" banatuko dituzte bisitarien artean.

Erakustaldirako zabaldu duten irudia.

Bilboko erakustaldia urriaren 12ko egunaren testuinguruan egingo duela esan du Guardia Zibilak, iaz egin bezala, baina horretarako bi asteburu aurreratu du data, irailaren 27ra. Egun horretan, hain zuzen, 50 urte beteko dira guardia zibilen pelotoiek Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela. Egun horretarako hainbat ekitaldi daude deituta urteurrena gogoratzeko.

Egiari Zor fundazioak gogor salatu du jokabide hori. Azaldu du Guardia Zibilak oraindik ez duela "inolako urratsik eman biktimeei eragindako mina aitortzeko", eta berriz kalera ateratzea bere ibilbidea "zuritzeko" modu bat dela.