Javier Solanak onartu du Felipe Gonzalezen Gobernuko bozeramaile zenean El País egunkariari eskatu ziola Guardia Zibilak eginiko hilketa baten xehetasunak ez argitaratzeko. Poliziek lepoaren atzealdean tiro eginda ETAko kide bat hil zuten.
Juan Luis Cebrian PRISA taldeko eta El Paíseko zuzendariaren liburuaren aurkezpen mahai inguruan egin ditu adierazpen horiek NATOko idazkari nagusi ohiak, kazetaritzaren eta boterearen arteko harremanei buruz ari zela. Solanak adierazi du ETAko kide hori Guardia Zibilak eginiko bi tiro jasota hil zela, horietako bat “garondoan”. Azaldu duenez, orduan ere egunkariko zuzendari zen Cebriani eskatu zion ez argitaratzeko etakideak tiroetako bat lepoaren atzealdean jaso zuela. Halere, egunkariak ez zion kasurik egin eta publiko egin zuten, Gobernuaren eta hedabidearen arteko laguntasuna epe batez apurtuz.
Solanak ez zuen etakidearen izenik eman, baina 1985 eta 1988 urteen artean aritu zen Gobernuko bozeramaile lanetan. Berriak zabaldu duenez, bitarte horretan, besteak beste, Lucia Urigoitia hil zuen Guardia Zibilak. 1987an izan zen hori eta Urigoitia bi tiroz hil zuten, horietako bat lepoaren atzealdean. El País egunkariak hurrengo egunean eman zuen autopsiaren berri. Kasua oraindik ez da argitu.