Guardia Zibila "desarmatu" egin da Oñatiko Fan Hemendik egunean

  • Fan Hemendik Eguna egin dute beste urte batez Oñatin. Egun osoko festa izan da eta manifestazio jendetsu batekin amaitu dute Fan Hemendik, utzi bakean Euskal Herria lemapean. Ekitaldi nagusian, berriz, Guardia Zibilaren armagabetzea irudikatu nahi izan dute, antzerki baten bitartez.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko ekainaren 19an - 16:00
Joan den larunbatean egin zuten Oñatin Fan Hemendik eguna. (Arg.: Goiena)

Julen Romaratezabala antolakuntzako kideak azaldu du eguna ondo joan dela, eta balorazio positiboa egin du, nahiz eta gaineratu duen hobe litzatekeela egun hau egin beharrik ez izatea: "Zoritxarrez, urteroko hitzordua da guretzat, urtetik urtera egin behar izaten dugu. Hala ere, ondo joan da guztia. Bazkarian azoka bete egin dugu eta The Sinners taldearen kontzertua ere oso ondo egon da", adierazi du.

Bestalde, goizean bake artisauen azoka ere egin dute. "ETAren armagabetzea ardatz hartuta eta gaiari buelta bat emanda, inguruan ditugun artisauen postuekin azoka bat egin dugu, eta hau ere ondo egon da", dio Romaratezabalak.

Honekin lotuta, ekitaldi nagusian, Guardia Zibilaren armagabetzea irudikatu nahi izan dute, antzerki batekin. "Berez gure aldarrikapena ez da Guardia Zibilaren armagabetzea, hauek Euskal Herirtik joatea baizik, bakean utz gaitzatela. Gai nagusia izan da. Hala ere, antzerki honekin kritikatu gura izan duguna da beste arma batzuk ere min handia egin dutela eta horiek isiltzeko momentua ere bada", azpimarratu du Romaretazabalak.

Beste urte batez, oso jendetsua izan da manifestazioa, eta bertan oñatiarrak bakarrik ez, kanpoko jendea ere egon da. "Poztekoa da kanpoko jendea ikustea. Kuartela hemen egon arren, gura izaten dugu kanpotik ere jendea etortzea eta pozik gaude horrekin ere".

Azkenik, Romaratezabalak adierazi du ez direla geratuko borroka honetan. "Datorren urtean ere egin beharko dugu egun hau. Hala ere, eskatzen duguna da, benetako bakea lortu gura bada,  egin behar dutenek egitea indarra. Guk egin genezakeen bakarra azpitik indarra egitea da eta hala egiten dugu, baina beste batzuek egin behar dute benetako indarra", bukatu du.

Altsasukoekiko elkartasuna

Altsasutik ere etorri dira hainbat lagun, aldarrikapenarekin bat egitera, eta Romaratezabalak dio harreman estua dutela, borroka berean daudelako. "Guztiok dakigu zer pasatu zen Altsasun, komunikabideen partetik ze bola eman zaion eta guzti horren atzean zer dagoen. Borroka berean gaude, beraz, elkartasuna adierazten diegu". Hemen eguna argazkitan ikusteko aukera.

Albiste hau Eneko Azurmendik argitaratu du Goienan eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Guardia Zibila
Tarajalgo sarraskitik 10 urtera, genozidio isila Atlantikoko mugan

Ceutako Tarajal hondartzan hamalau lagun hil zituzten duela hamar urte, itsasoz igeri Europara iritsi nahian, guardia zibilen eta Marokoko polizien tiro artean. Haien senide eta lagunek urteurrena baliatu dute justizia eskatzeko, auzia oraindik epaitegietan baita. Justizia... [+]


Tarajalgo sarraskiak 10 urte: "Bizirik irten zirenak berriz kriminalizatu dituzte”

Duela 10 urte Ceutako Tarajal pasabidean 14 pertsona hil zituzten, itsasoz igeri Europara igaro nahian zebiltzala guardia zibilak haien kontra oldartu ostean. Geroztik Duintasun Martxa egin dute urtero, eta ekimen horretako Bilboko taldeak sarraskiaren eta “mugako... [+]


Torturengatik kondenatutako Sánchez Corbí guardia zibilari Zilarrezko Gurutzea eman dio Espainiako Barne Ministerioak

Auzitegi Nazionalak Marlaska ministroa derrigortu du guardia zibila mailaz igotzera. Kargugabetu egin zuen 2018an, "konfiantza falta" zela eta. Sánchez Corbík errekurtsoa jarri zuen erabakiaren aurka, eta Auzitegi Nazionalak babestu egin du. Kepa... [+]


Espainiako Estatua zazpigarren aldiz aztertuko du NBEko torturaren aurkako batzordeak

Ostegunean eta ostiralean Genevan (Suitzan) aztertuko dute ea Espainiako Estatuak gaiari dagozkion baldintzak betetzen dituen ala ez. Egiari Zor, Giza Eskubideen Behatokia eta Sarek “aurrerapenak” daudela azaldu dute.


Eguneraketa berriak daude