argia.eus
INPRIMATU
‘Guaixe’, ‘Geuria’, ‘GiTB’ eta ‘Karkara’ hedabideek jaso dituzte Tokikom Sariak
  • 2021eko Tokikom Sariak Arrasaten banatu ziren azaroaren 12an. Euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagun inguru bildu ziren sari banaketa ekitaldian eta ondoren nazioarteko adituekin egindako jardunaldietan.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 15
Tokikom sarien irabazleak Arrasaten. Argazkia: Tokikom.

Lau sari banatu ditu Tokikomek bere sareko hedabideen artean.

Azalik onenaren saria Sakanako ‘Guaixe’ aldizkariak irabazi du ‘Uda Sakanan’ lanari esker. Azalaren estetika eta balio informatiboa baloratu ditu Maria Gorosarri Gonzalezek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatutako epaimahaiak.

Edukirik onenaren saria Hego Uribeko ‘Geuria’ aldizkariak jaso du ‘Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak’ monografikoagatik. Epaimahaiak azpimarratu du tokiko ikuspegitik hainbat fenomeno global, hala nola, klima aldaketa eta kontsumismoa, lantzeko ahalegina. Hainbat kazetaritza genero eta informazio iturri landu izana nabarmendu du, baita hainbat euskarriren arteko oreka ere, alegia, infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak.

Ikus-entzunezkorik onenaren saria Goierri Irrati-Telebistak jaso du ‘Ateak itxi, leihoak ireki’ lanagatik. COVID-19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasotzen dituen kontakizuna egin du irrati-telebistak.

Azkena Komunitatearen saria izan da. Publikoak emandakoa da eta botoen laurdenarekin ‘Karkara’ aldizkariak aurkeztutako ‘Bandera da Orion’ azalak irabazi du.

Finalistak eta haien lanak lotura honetan daude.