argia.eus
INPRIMATU
Guaidok altxamendu militarrera deitu ditu venezuelarrak
  • Sare sozialen bidez zabaldu duen bideo baten bitartez herritarrak eta indar armatuak Maduroren aurka altxatzera deitu ditu. Venezuelako Gobernuak estatu kolpe saiakera indargabetzen ari dela jakinarazi du.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 30
Guaidok zabaldutako bideoko irudia

Venezuelako militarrek etxe barruko arrestatzea zeukan Leopoldo López askatu eta armadak Caracasen duen La Carlota egoitzara eraman dute. López eta hainbat militar ondoan zituela grabatu du bideoa bere burua Venezuelako presidente izendatu zuen Guaidok.

“Usurpazioaren etetea gaur hasten da. Soldadu eta familia militar guztiari dei egiten diet, balentria honetan lagundu gaitzaten (…) orain da momentua, ez bakarrik barealdiarena eta zuhurtziarena, baizik eta adore eta zentzuarena”, adierazi du kamera aurrean.

Twitter bidez Venezualko herriari zuzendu zaio, eta indar armatuen babesa duela adierazi. Base militar nagusietan biltzera dei egin dio jendeari: “Venezuelako herria, beharrezkoa da denok batera kalera ateratzea, indar demokratikoak babestu eta gure askatasuna berreskuratzera. Antolatuta eta batuta, mobilizatu base militar nagusietan”.

Jorge Rodriguezek Venezuelako Komunikazio ministroak egindako adierazpenen arabera, estatu kolpea egin asmo duen “indar militar traidoreen talde murritzari” aurre egiten eta berau desaktibatzen ari dira. “(Estatu kolpe) saiakera honi eskuin mutur kolpista eta hiltzailea batu zaio, zeinak duela hilabeteak eman zuen bere indarkeriazko agendaren berri. Indar Armatu Nazional Bolivariano loriatsuaren ondoan erne egotera, estatu kolpe saiakera garaitzera eta bakea mantentzera dei egiten diogu herriari”, adierazi du.