Ipar Euskal Herri barnealdeko lehen LGBTQIA+ ospakizun eguna egin dute asteburuan, Atharratzen. “Ohartu gara, jendearen artean ere behar bat bazela, ez bakarrik LGBTQIA pertsonen artean, baita hetero munduan ere”, kontatu digu antolatzaileetako bat izan den Strass & Kaiet-ek (hori du izen artistikoa).
Heteronormatik kanpo dagoen barnealdeko jende euskaldunak osatzen du Altxalili kolektiboa. Altxalilik eta Atharratzeko Prefosta gazteen elkarteak antolatuta egin dute larunbatean Bekat’Uros eguna. Egitarauaren barruan, ikuskizun berezia eskaini du Altxalilik (argazkian).
Barnealdeko lehen LGBTQIA+ ospakizun eguna izan da Bekat’Uros. Zenbaterainoko garrantzia du horrek?
Elkartzeko aukera izan da, lehenik guretzat, Altxalili kolektiboarentzat, baina ikusi dugun moduan baita Euskal Herri guztitik etorri den jendearentzat ere, saretzeko eta elkar ezagutzeko gogoz. Altxalilitik indartsu etortzen ginen, eta showa egin dugunean jendearen aldetik ere indar handia sentitu dugu, kristoren suziria izan da, jende anitz-anitz zegoen. Guk ikuskizuna prestatu dugu eskas bati, behar bati erantzuteko, eta ohartu gara, parean zein oihartzun izan duen ikusirik, jendearen artean ere eskas eta behar hori bazela gauza ezberdin bat ikusteko, sexualitatea askatzeko, generotik haratago joateko, ez bakarrik LGBTQIA+ pertsonen artean, baita hetero munduan ere.
"Egia da Quebecen askatasun bat aurkitu nuela, baina beti banuela euskal izatea egunerokoan bizitzeko eskasa"
LGBT+ kolektiboari lekua eta hitza eman nahi izan diozue barnealdean. Hiri handietatik urrun, zailagoa al da aske desiratzea?
Aurreiritzi hori gainditu behar dugula uste dut. Ez dut pentsatzen batean edo bestean gogorragoa denik norbere homosexualitatea bizitzea. Hirigunean ere egon zaitezke familia biziki hertsi batean eta barnealdean edo baserri batean giro biziki ireki batean. Lana dago egiteko, bai hirian bai baserri gunean. Gu baserri giroan hazi gara, hemengo kodeak ditugu, eta gauzak aldatu nahi ditugu gurean, gure herrietan. Hori bezain sinplea da.
Ipar Euskal Herritik jende asko joan al da gune metropolitanoagoetara, askatasun egarri?
Nire kasuan adibidez, Euskal Herritik ateratzeko beharra sentitu nuen, atzerrira hiri handi batera joatekoa: Montrealen izan nintzen, eta egia da Quebecen askatasun bat aurkitu nuela, baina beti banuela euskal izatea egunerokoan bizitzeko eskasa. Azkenean, biak batzea delako egin nahi duguna, hemen bizi ahal izatea gure kultura eta hizkuntzarekin, eta izan nahi dugun bezala bizi ahal izatea, askatasun handiagoarekin.
"Biak batzea da egin nahi duguna, hemen bizi ahal izatea gure kultura eta hizkuntzarekin, eta izan nahi dugun bezala bizi ahal izatea, askatasun handiagoarekin"
Bide horretan urrats inportantea da LGBTQIA+ sare bat sortzen ari dela Ipar Euskal Herrian.
Baina modu oso xumean. Barnealdean errealitate berdina bizi dugunok elkartzeko eta biltzeko gogoz gara, eta saretzen gara Bekat’Uros bezalako egun baten bueltan, Euskal Herriko jende queer-a ezagutzeko aukera dugu halakoetan. Gure kolektiboa, jakina, kolektibo irekia da, eta pertsonarik bada interesatuta, etor dadila gurekin solastatzera, bizipenak partekatzera…