argia.eus
INPRIMATU
Nazioarteko martxako euskal herritarrak Kairotik
“Gu atxilotzen ari dira martxarekin fokua Palestinan jartzen ari zelako”
  • Kairoko hotel batetik hitz egin du ARGIArekin ostegun goizean Pili Revilla gasteiztarrak. “Edozein momentutan atxilotu gaitzakete”, adierazi du. Solasaldiaren unean Euskal Herritik joandako bost herritar daude atxilotuta, eta nazioarteko dozenaka. Arreta Palestinako genozidioan jartzea eskatu du Revillak.

    ARGIAk Euskal Herriko antolakuntzako eta Kairon diren militanteen eskutik jakin ahal izan duenez, 13:00etarako bi euskal herritar behintzat askatu dituzte, eta Kairora bidali, eta beste bat behintzat deportatu.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko ekainaren 12a
Tunezetik abiatutako karabana. Munduko 82 herrialdetako partaideek eman dute izena ekimenean, eta horietako asko atxilotzen ari da Egiptoko polizia. Izquierda Diario

Revilla asteazken gaueko 22:00ak aldera heldu zen Kairoko aireportura hegaldian, martxako beste hainbat parte hartzailerekin batera. Kontrola pasa zuen kide batekin, eta beste batzuen zain geratu ziren. “Baina itxaron eta itxaron, eta ez ziren agertzen, Polizia gu identifikatzen hasi zen eta ohartu ginen zer edo zer txarra gertatzen ari zela. 01:00a arte egon ginen esperoan eta orduan hotelera alde egin genuen”. Hotelera heltzean, lehenik abokatuekin jarri ziren harremanetan euskal militanteak, eta ondoren aurreko egunetan helduak ziren beste bi euskal herritarren gelara joan ziren. Baina Polizia topatu zuten bertan.

Deportatu nahian

“Haietako batekin hitz egin ahal izan genuen, saiatu ziren bertan eusten, beharrezko paper eta baimen guztiak dituztela aldarrikatuta, baina azkenean aireportura eraman dituzte”. Egoera nahasia da eta Polizia asko dute inguruan, “edozein momentutan atxilotu gaitzakete”, adierazi dio Revillak hoteletik ARGIAri.

Solasaldiaren unean (goizeko 10:00ak Euskal Herrian) eta duten informazioaren arabera, dozenaka militante dituzte aireportuko gela batean atxilotuta, horien artean bost euskal herritar: Begoña Oleaga, Agus Gorbea, Gurutze Morado, Reem Dandan eta Eider Aierdi. “Hainbat herrialdetako 70 pertsona baino gehiago gaude atxilo Kairoko aireportuko kalabozoan”, idatzi du martxako kide batek goizean sare sozialetan. Euskal Herritik 30 pertsona inguru joan dira Egiptora nazioarteko martxan parte hartzeko, mundu osoko 82 estatutatik 3.000 inguru.

Aireportuko kalabozoetan dagoen euskal herritarretako batekin labur hitz egitea lortu dute antolakuntzako Euskal Herriko kideek goizeko 11:00ak aldera. Salatu dutenez, hasiera batean tratua txarra izan da, ez diete urik eman edo zutik egotera behartu dituzte, eta pasaportea kendu diete. Egiptoko Gobernuak bueltako hegazkin txartela erosteko esan die martxako kideei, eta mehatxu egin die egin ezean aireportuan bertan emango dituztela bueltatu arteko egun guztiak –martxa amaitu osterako dituzte erosita txartelak, gutxienez ekainaren 16tik aurrera–. Abokatu talde bat ari da ekintzaileak babesten. Martxako kideek uste dute Egiptoko agintariak atxilotuak lehenbailehen deportatzen saiatuko direla. Gobernuak argudiatu du atxilotuek ez dituztela herrialdean egoteko beharrezko baimenak, baina Revillak ukatu egin du hori. “Legalki gaude hemen, bertan jarraitzeko borrokatuko gara”.

ARGIAk eskuratutako azken informazioen arabera, 13:00ak aldera bi euskal herritar behintzat askatu dituzte, eta Kairora bueltatzeko baimena eman. Beste euskal herritar bat gutxienez deportatu egin dute, 11:00ak aldera. Askatu dituzten bi euskal herritar horiekin hitz egin du ARGIAk, Poliziaren bortizkeria salatu dute, adierazi dute beraiek ez dituztela kolpatu baina atxilotu batzuen aurkako "jipoi handiak" ikusi dituztela, eta tratua txarra izan dela. Beste herrialdeetako militanteekin neurri ezberdinak hartu dituzte, batzuk, esaterako, Turkiara kanporatu dituzte, dozenaka dira deportatutakoak: aljeriarrak, marokiarrak, alemaniarrak, belgiarrak, norvegiarrak...

Fokua Palestinan

“Gu zatitzen eta atxilotzen ari dira martxa ekiditeko”, dio Revillak. Azken egunotan martxak ikusgarritasuna lortu duela iritzi dio. “Martxak aldarrikatzen ditu blokeoaren amaiera, Israelekin harremanak etetea eta genozidioarekin amaitzea, arreta gehiegi ari ginen lortzen, eta hori moztu nahi dute”.