Greziarrak berotzeko mendiko egurra eta elkartasuna

  • Negua gorri dator berriro Grezian. Herrialdea osorik kiebran, nekeak aski ez baziren orain gasolioaren prezioak denetan itzalarazi ditu kalefakzioak. Berorik ez da eskoletan, ospitaleetan, lantokietan... etxeetan. Ahal duenak egurra erretzeari ekin dio, basoen kalterako. Hala ere, elkartasun ahaleginak ugaritzen dira herri eta hirietan.


2012ko abenduaren 23an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
O Allos Anthropos (Bestelako gizakia) guneko argazkian, grekerazko hizkiek diote “Janariak doan guztiontzako” eta “O Allos Anthropos auzolaneko sukaldea”.

Hiru mutiko, 5, 7 eta 15 urteko kiskali dira abenduaren 8an Mesoropin, Kavala hiritik gertu, zaharrena bi txikiak ateratzeko ahaleginean. Hiru senide gehiago onik atera dira, aitona-amona eta gurasoekin hamarrekoa osatzen zuten familian. Gasoliozko berokuntza iaz itzali zuten erregaia %40 garestitzeagatik eta supazterra piztu; honen garrek hondatu dute familia.

Sutarako egurra izan daiteke Greziak bizi duen amesgaiztoaren ikurretako bat. Negozio biribila dagiten enpresa bakarrak egur banatzaileak dira. Rue 89 webgunerako lekukotasun bila joandako Zineb Dryef kazetariari Atenasko zentroan txantxetan bota zion batek: “Lehen esaten zen ‘zatoz, neska, Porsche Cayenne bat daukat’, diru errazaren urteak ziren; orain esaten zaio ‘etorri, neska, etxean sua daukat’”.

Grezia Mediterraneo bazterreko hondartza epela baino gehiago mendialde hotza da neguan. Kalefakzioa gehienetan elektrikoa da   edo gasoliozkoa. Argindarra garestitu denaz gain, Gobernuaren erreformetako batek gasolioa litroko 95 zentimoetatik 1,35 eurotaraino eraman du.

Atenasko agintariek zerga berria ezarri diote berotarako gasolioari. Aitzakia, iruzurrak: etxeetarako erregaiak zerga apalagoak edukiz txofer askok espekulatzen omen zuten horren kontura, Greziako bost autotatik bat erregai horrekin omen zebilen. Orain etxean erretzekoak kotxeek darabiltenaren prezio bera dauka, ezin ordainduzkoa gehienentzako.

Herri txiki eta landa-guneetan greziarrak errazago egokitu dira antzinako ekonomika, beheko su eta estufetara, basoak ere eskueran edukiz. Hirietan gero eta sarriago aurkitzen omen dira inausiriko edo gerritik ebakitako zuhaitzak, berdin  parkeetan, kale bazterretan edo baratze pribatuetan.

Egur saltzaileak ugaritu dira edonon, batzuetan Grezia iparreko basoetatik dakartenak eta sarri Bulgariakoetatik inportatzen dutenak.  Baina sutarako egurrak ere txistua egiten du gaur Atenas edo Tesalonika bezalako hirietan, iaz tonako 60-65 euro egiten zuena aurten 150 edo 200etaraino ere iristen baita.

Zuhaitz mozketa ilegalak ere hala ugaritu dira denetan. Broma maite duela erakutsiz, Greziako Ingurumen ministerioak telefono zenbaki berri bat ezagutarazi du delituok salatzeko... eta beste eskuarekin legea aldatu egur mozketa ilegala huts egite txikiekin parekatzeko. Horri gehitu azken hiru urteotan basozainen kopurua arras txikitu dela Greziako mendietan, Europako Troikaren aginduz.

Ekologistak eta oro har ingurumenaz kezkatuak haserre daude, lehendik desertifikatze bidean dagoen Greziak azken oihanak gal ditzakeelako bidean, honek dakartzan ondorio guztiekin. Baina nor akordatuko da ekologiaz jendea Eguberriotan etxea nola berotu asmatu ezinik dabilenean?

Biziraupena antolatu

Larrialdiak orokortzen duen “dena gal bedi eta nirea salba bedi” giro horretan badira, ordea, guztien biziraupena elkartasunean bermatzeko ahaleginak. Gurera tantaka iristen dira horien hotsak. Greziarren berri beren idatzietatik jakitea ez da erraz, darabilten hizkuntzaz gain idazkera ere arras ezberdina daukatenez. Adibide batez argitzeko, kronika hau irudiztatzen duen argazkia Googlek ez dauka indexatuta gure hizkietan, itzultze tresnak baliatuz grekerazko hizkiekin galdetu behar diozu. Zenbat horrelako informazio eder ez zaigu inoiz iritsiko?

Britainia Handiko ezkertiarren erreferentzietakoa den Red Pepper aldizkarian Tonia Katerini Syriza partiduko kideak azaldu du elkartasun gorriaren zenbait osagai Organising to survive in Greece kronikan.

%25 dira langabetuak Grezian, gazteen artean %48, krisiaren aurretik industria zeukaten eskualde batzuetan %80 ere bai. Industria handiak alde egin du, Coca Colak, Carrefourrek... 170.000 enpresa txiki itxi dira hiru urtetan, ezin zaie finantziaziorik aurkitu, Europatiko diru guztia bankuentzako.

Langabetu gehienei aspaldi amaitu zitzaien subsidio oro. Familiaren eta lagunen sarea dute azken babes, baina hau ere mugaraino agortu du krisiaren luzeak. Lana dutenei lepatu baitzaie soldata, batzuei laurdena, askori erdia, zenbaiti hiru laurden. Aldi berean prezioek gora egin dute, euroaren barruan egonik Greziak ezin du debaluaziorik egin. Marjinatu bakanez landa karrikan inor bizi ez zen herrialdean 20.000 dira homlessak.

Hurrengo hauteskundeetan gehiengoa lortuko duela dirudien Syriza alderdi ezkertiarraren elkartasun sarean ari da Katerini. Solidaritza ahalegin askoren zerrenda egin dio Red Pepper-i.

Lehenik, herritar guztiei elikadura bermatzekoa: patata, olio, irin edo limoiak zuzenean ekoizleetatik herritarrenganaino ohiko prezioen erdian iristeko sareak ugaritu dira. Ume askok etxean gosaririk ez daukanez, Gobernuari presio egiten zaio eskolek eskaini diezaieten otordua, 1950ko hamarkadatik gertatzen ez zena.

Osasun zerbitzuak pagatu ezinik populazioaren herena geratu denez,  auzoetan ugaritu dira kontsultategi txikiak, non mediku boluntarioek artatzen dituzten herritarrak, zenbait ospitale eta farmaziak eskainitako botikekin.

Okerrena daukatenak dira botika garestiak behar dituztenak, minbiziaren kontrakoak esaterako: “Ospitaletan ere falta dira –dio Katerinik– diru mozketengatik,  azkenean gaixo larri horientzako ez dago kortisona baizik”. Hala ugaritu dira erruz suizidioak, batik bat dena galdu duten klase ertainekoetan.

Elikaduraz eta osasunaz gain, elkartasun sareak beste lau ataletan ari dira antolatzen: hezkuntza, kultura, lege aholkularitza eta ekonomia soziala. Trukeko merkataritza antolatu da hiri batzuetan. Horiek sustatzeko Syrizaren inguruan iaz 100 ekimen izan ziren lekuan aurten 2.000 antolatu dira.

Katerini kexu da Estatuak oztopoak baizik jartzen ez dizkielako. Auzolaneko jantokiak antolatu dituztelarik, Gobernutik baimenak eskatu dizkiete, osasun baldintzen zertifikazioak eta beste: “Erantzuna zera izan zen, denok bildu eta sekulako otordu komunala antolatzea, non ehunka jendek kozinatzen eta jaten baikenuen elkarrekin, ea ausartzen ziren denok atxilotzera!”.

Jendearen beldurra ezabatzea da elkartasun mugimenduaren beste helburua, agian nagusia: “Inork ez du sinesten Gobernuaren politikak zuzenak direnik, baina  asko daude protesta egiteko beldurrez”. Krisiak luze joko die oraindik. Kanpoko laguntza beharko dute. Nazioarteko brigaden beharra aipatzen hasi dira.

Informazio gehiago:

Red Pepperren “Organising to survive in Greece”.

Rue 89n, Zineb Dryefen "A Athères 'viens chez-moi, j'ai allumé le chauffage'".

Mosoropin etxeak su hartuta kiskalitako hiru mutikoen albistea.

Social Kitchen "The Other Human".

Greek Left Review, krisiaren jarraipena egiteko gune alternatiboa.

When the Crisis hits the Fan, Kostas Kallergis kazetariaren bloga.

Greek Crisis, Panagiotis Grigoriou antropologoaren bloga.

 Chroniques d’un Hiver Europeen, 2011ko negua Atenasen, argazki-dokumental interesgarria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Grezia
Nabigazioaren historiaren argazkia

2019an, Greziako Kasos uharteko uretan, ikerlan bat abiatu zuten Ikerketa Helenikoen Fundazio Nazionalak eta Greziako Kultura Ministerioak. Lanaren emaitza berriki jakinarazi dute: guztira, hainbat garaitako hamar ontzi-hondar aurkitu dituzte. Zaharrenak 5.000 urte inguru ditu... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza onartu du Greziak

Berdinen arteko ezkontza legeztatzen duen lehenengo herrialde kristau ortodoxoa da.


Oxala

Ez naiz Greziako Lesbosetik itzuli zaharra. Bertan, Mitilene-n, Zaporeak Elkarte euskaldunak 2.700  asilo eskatzaile ingururi egunean otordu bat eskaintzen die: arroza eta potajea, pita ogia eta fruta ale bana. Duintasunaren muga, 150 gramo errazioko. Arazoa da Kara-Tepeko... [+]


2023-09-26 | Gedar
78 orduko lan astea legeztatu dute Grezian

Egunean hamahiru ordurainoko lanaldiak eta sei eguneko lan asteak; alegia, 78 ordurainoko lan asteak. Horiexek dira Greziako Gobernuak, azken lan erreformaren barruan, legeztatu dituen gehienezko lan orduak. Aurreko ostiralean onartu zuten Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak... [+]


Eguneraketa berriak daude