Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) onartu du Grezia erreskatatzeko lehenbiziko plana egin zenean “akats nabarmenak” egin zirela eta murrizketa-politiken eragin kaltegarriak gutxietsi zituela.
“Ez zen lortu merkatuen konfiantza berrezartzea” dio NDFk 2010eko erreskatea berrikusteko prestatu duen dokumentu batean. “Banku sistemak gordailuen %30 galdu zuen eta aurreikusitakoa baino askoz atzeraldi sakonagoari aurre egin behar izan zion”.
Funtsak egindako kalkuluen arabera Greziako ekonomia %5,5 hertu behar zen erreskateari lotutako politiken ondorioz. Oso motz geratu ziren: %17raino txikiagotu zen ekonomia.
Aurreikuspen okerrak egin zituzten neurrien ondorioz sortuko zen langabeziaren inguruan ere, %15ekoa izango zela uste baitzuten eta hamar puntu gorago iritsi zen 2012an.