Greziak ekainean hauteskundeak errepikatu beharko ditu, azken egunetan gobernua osatzeko hainbat alderdik edukitako negoziazioek porrot egin eta gero. Karolos Papulias presidentearen azken proposamena gobernua teknokratekin osatzea izan da, baina ez du behar bezain besteko babesa jaso. Papuliasek buruzagi politikoei egotzi die "interes politiko zekenak" hobestea "guztien onuraren" kaltetan.
Hauteskundeetako emaitza sakabanatuek eta Europarekiko jarrera ezberdinek ezinezkoa egin dute batasun gobernuaren sorrera. Desadostasunaren erantzunkizuna batak besteari egotzi diote alderdi ezberdinek.
Gaur bertan behin-behineko gobernua izendatuko dute bozka berriak iritsi arte, erabaki garrantzitsurik hartzeko gaitasunik edukiko ez duena. Greziak euroarekiko hartuko duena jarrera ikusteko dago beraz. Soilik Demokrazia Berria eta Pasok alderdiak daude nazioarteko erreskate planaren alde.