Auzoa ezaguna da duen izaera errebeldeagatik, eta hargatik eskuindar gobernu berriaren miran izan da hasieratik. ND Demokrazia Berriak hausteskundeak irabazi zituela bi hilabete bete ez diren honetan, indar armatuek Exarchia kolpatu dute.
Kyriakos Mitsotakis lehen ministroak hauteskunde kanpainatik dihardu Exarchiaren hustea ahotan hartzen, eta uztaila erdialdera auzoa erasotzeko estatuaren plana prest egotetik gertu zela iragarri zuten ordena publikoko ministro Michalis Chrysochoidisek eta presondegietako politiken arduraduna den Lefteris Economou ministroak. Ordutik, Alasbarricadas.org atariak jakinarazi zuenez, auzoa autodefentsarako prestatzen aritu da.
Atenaseko droga eta arma trafikoak Exarchia dutela jatorri, hori izan da erresistentzia eredu den auzoan indarrez sartzeko gobernuak erabili duen aitzakia. Argudio horrekin, okupatutako eraikinen hustutzea iragarri izan dute, beren arabera drogak, armak eta borrokarako materiala aurkitzeko. Esan eta egin, abuztuaren 26ko astelehen goizean indarrez sartu dira auzoan.
Yannis Youlountas-ek Alasbarricadas bidez emandako informazioaren arabera, polizia indar erakustaldi betean sartu da auzoan: istiluen aurkako polizia (MAT), polizia antiterrorista (OPKE), krimenaren aurkako unitate motorizatuak (DIAS), polizia sekretua (asfalitas), helikoptero bat eta drone ugarik hartu dituzte Exarchiako kaleak. Sarekada lau espazio okupatutara bideratu dute lehen orduetan: Spirou Trikoupi 17, Tránsito, Rosa de Foc eta Gare eraikinetan sartu eta jendea kanporatu dute. Ostean, Notara 26 eraikinera jo dute. Youlountasen hitzetan, azken hau da auzotarrentzako gune garrantzitsuena sinbolikoki, errefuxiatuen krisiaren testuinguruan okupatutako lehena izateagatik. Migratzaile asko hartu ditu ordutik auzoak, eta hori gobernuak auzoa husteko erakutsi duen interesa ulertzeko beste faktore garrantzitsuetako bat litzateke.
Asteleheneko sarekadaren harira Greziako Poliziak emandako datuen arabera, 143 errefuxiatu kanporatu dituzte okupatutako eraikinetatik. Poliziaren autobusetan sartuta, herrialdean duten egoera zein den argitzeko asmoz auzotik eraman dituzte. Asko deportazio arriskuan egotera igaro dira, eta informeek diotenaren arabera, gehiengoak asiloa eskatu du. Hamabost bat haur baldintza eskasak dituzten akanpalekuetara bideratu dituztela azpimarratu du Youlountasek.
AMNA berri agentziak emandako informazioaren arabera, 100 pertsona inguru atxilotu dituzte goizean. Salatu dutenez, soilik hedabide nagusiei ari dira auzora sartzen uzten.
Exarcheiarekin elkartasuna adieraziz zabaldutako mezuak ugarituz doaz egunak aurrera egin ahala. Poliziaren jazarpena errefuxiatuak kanporatu eta mugimendu anarkista kolpatzeko estrategia gisa irakurri du askok.
🔴Solidaritat amb #Exarchia
Amb l'objectiu d'expulsar les refugiades i d'aixafar el moviment anarquista, l'Estat grec ha iniciat l'assalt contra Exarchia.
🔥Visca la resistència d'Exarchia!
🏴Mort a l'Estat! pic.twitter.com/AbMaDlVUOC
— Batzac - Joventuts Llibertàries (@Batzac_JL) August 26, 2019