argia.eus
INPRIMATU
Greziako anbulatorioak itxialdian pribatizazioa eragozteko
Ane Lusarreta 2014ko otsailaren 17a
Azaroaren 25etik greban daude EOPYYko langileak, eta gaur borroka gogortzeko erabakia hartu dute (Argazkia: El Pais)

PASOK eta Demokrazia Berria alderdiek osasun zerbitzuen erakunde nazionaleko klinikak (EOPYY-ak) ixteko lege berria onartu zuten parlamentuan.

Azaroaren 25etik greban daude EOPYYko langileak, eta gaur borroka gogortzeko erabakia hartu dute, gobernutik “berehalakoan” poliklinika guztiak ixteko agindua jaso ostean.

Anbulatorioak hilabetez itxi nahi ditu Adonis Yoryadis osasun ministroak, erregimen berriaren arabera lan egingo duten zentro berriak irekitzeko.

“Lehen paraleloki funtzionatzen zuten bi sistemak, EOPYY eta ospitaleetako osasun zentroak, sistema bakarrean batzea da asmoa” adierazi du Yoryadisek.

Anbulategietako giltzak eta material guztia gaur entregatu ditzaten eskatu du, oraindik osasun sistema berriaren legea argitaratu ez bada ere.

Horren aurrean, osasun zentro publikoetako langileek “legezkotasuna babestu eta itxiera eragozteko”  anbulatorioetara jotzeko erabakia hartu dute. Herritarrei ere dei egin diete, guztien artean “eutsi eta oinarrizko atentzio medikua babestu” dezaten.

Irrati-Telebista publikoaren defentsan gertatu zen bezala, espero da osasun langileek zentroak entregatzeari uko egin eta Greziako ehundaka klinika herritarrek okupatuak izatea.

Kasu hartan ez bezala, klinikak zabalik mantentzea da helburua.

 

Informazio gehiago hemen.