Grezia: kartzela ala babesleku?

  • Beraien herrialdeetako gerretatik ihesi, milaka pertsona iritsi dira Greziara 2014az geroztik. Egun 62.000 errefuxiatu inguru daude herrialde guztian banatuta, kasu gehienetan Europa iparraldea helmuga duen bidaia jarraitu ezinik. Izan ere, 2016ko martxoan mugak itxi zizkien Europar Batasunak. Greziako egoera politiko eta ekonomiko zailari errefuxiatuen krisia gehitu zaio eta kudeatu behar izan dute Bigarren Mundu Gerratik Europak bizi izan duen krisi humanitariorik handiena. Egoera lazgarriaren aurrean era askotariko eskuhartzeak egin dituzte, eta zaila da jakiten, egun, errefuxiatuentzat Grezia kartzela handi bat ala babesleku den. Akaso, txanpon beraren bi aurpegiak dira.

Errefuxiatu gazteak Atenasi begira, horietako batzuk Italiako muga pasatzen saiatu ostean, Poliziak atzeman eta Greziara bidali dituzte atzera ere. Arg: Irantzu Pastor

2017ko abuztuaren 11n - 10:32

Kanpamentu ofizialak

Gobernuaren kontrolpeko kanpamentuak zeintzuk diren erraz igartzen da: arantzez jositako alanbre-hesiz inguratutako eremuak, Greziako Poliziak eta armadak 24 orduz kontrolatuak, catering zerbitzuetatik plastikozko bandeja zuritan iristen da janaria –egoera nahiko txarrean– eta errefuxiatuei ezer gutxi egiten uzten diete; ezin dute janaria prestatu eta medikuak edo irakasleak diren errefuxiatuei ez diete jarduten uzten, adibidez.

Atenas kanpoaldean dago Ellinikó. Garai batean bidaiari maletadunez betetako aireportuan, orain, 600 errefuxiatu afganiar daude inora mugitu ezinean. Abandonatu zuten aireportuko eraikinean dago Airport Terminal Camp eta, kanpamentuz kanpamentu ibiltzen diren boluntarioek diotenez, hau omen da guztien artean bizi baldintza txarrenetarikoak dituena. Itxaron geletako zoru gainean botatako dendetan pasatzen dituzte orduak errefuxiatuek, urtebete daramate seguruenik inoiz iritsiko ez den abioiaren zain. Haien egoera gero eta eramangaitzagoa da. Buruaz beste egin duten errefuxiatuen kopurua larriki handitzen ari da azken hilabeteetan.

Maindirez osatutako‘kaleak’ Ellinikó aireportu abandonatuan. Arg: Irantzu Pastor

Eremu berean eta burdinezko harresiak pasa ondoren, Atenas Olinpikoaren arrasto dekadenteak daude. 2004an mundu osoko kirolari eta jarraitzaileak bildu zituen. Orain abandonatutako estadio isilaren eraikinak ehundaka errefuxiaturen bizitoki dira. Horren adibide dira Hockey Camp (500 errefuxiatu inguru) eta Baseball Camp (300 errefuxiatu inguru). Denda zuriz jositako belardi handietako fokoek errealitate mingarria argitzen dute gauero, Gobernuak inork ikustea nahi ez duen espektakulua. Izan ere, boluntarioek eta kazetariek ia ezinezko dute sartzea eta, batez ere, hango errealitatea erakusteko argazkiak ateratzea.

Errefuxiatuen dendez beteriko zelaia estadio abandonatuan. Arg: Irantzu Pastor

Lehen eta bigarren mailako errefuxiatuen errealitate gordina.

Gatazka armatuetatik ihesi milaka etorri badira ere, denek ez dituzte eskubide berdinak. 2015eko hondarretan irakiar, siriar eta afganiarrei bakarrik utzi zieten muga pasa eta asilo politikoa eskatzen, baina handik hilabete gutxira, 2016ko otsailean, Europar Batasunak milaka afganiarri ateak itxi zizkien Mazedoniako mugan zeudela. Egun, bigarren mailako errefuxiatu izatera pasa dira, asiloa eskatzeko aukerarik gabe, Greziatik mugitu ezinik daude zain. Afganiar, pakistandar eta beste herrialdetako errefuxiatu askok pasaportea itsasora botatzen dute Greziara iristean, Poliziari siriarrak direla esanez eskubide gehiago izango dituztelakoan. Hala ere, 2016ko martxoan EBk eta Turkiak akordioa sinatu zutenetik, egoera asko zaildu da guztientzat.

Greziara txalupaz iritsitako familia siriarra. Arg: Irantzu Pastor

OMNES proiektua; gizarteratzea eta elkarbizitza.

2014 bukaeran Idomeni inguruan (Mazedoniako mugan dagoen herrixka) gero eta errefuxiatu gehiago ikusten hasi ziren herritarrak. Haiek izan ziren errefuxiatuak laguntzen aurrenekoak, nazioarteko komunikabide eta erakundeen arretarik ez zegoenean. Herritar horietako batzuek ondorengo urteetan integrazio proiektu interesgarri bat garatu dute Grezia iparraldeko Kilkis hirian. Ideia sortu zen hiri alboan ‘Chelso’ Gobernuaren errefuxiatu kanpamentu ofiziala eraiki zutenean; “bertako bizi baldintzak jasanezinak ziren, armadako medikuak berak esan zigun han geunden boluntarioei umeak handik ateratzen ez bagenituen hotzez hilko zirela, errefuxiatu kanpamentuak hustu behar dira, gerran dauden herrialdeetan bakarrik izatean dira kanpamentuak eta Grezian gerrarik ez da”, dio Cristina izeneko boluntarioak. ‘Chelso’ kanpamentua hustutzea lortu zuten eta errefuxiatuak hiriko etxeetara ekarri zituzten. Horretarako sortu zuten Omnes elkartea (latinez “denok” esan nahi du). Grezian etxe huts asko dagoela ikusirik, alokairuan dauden etxebizitzak alokatzen dituzte errefuxiatuak han bizi ahal izateko. Herrian kontsumitzea eta bertakoei irabazi ekonomikoak sortzea ezinbesteko ikusten dute eskuindarren argudioak indargabetzeko. Hirian hobeto integratzea eta ghettorik ez sortzea helburu nagusietako bat dutenez, auzo ezberdinetan banatzen dituzte errefuxiatuen familiak. Errefuxiatuak eguneroko bizitzan parte hartuz Greziako gizartean integratu nahi dituzte. Soziologoek, gizarte langileek, psikologoek, itzultzaileek, abokatuek eta medikuek osatzen dute Omneseko lan taldea. 60 etxebizitza kudeatzen dituzte eta haietan 482 errefuxiaturi aterpea ematen diete.

Omneseko soziologoak familia yezedi (Irak) batekin astero egiten duten bisitan. Arg: Irantzu Pastor

Autogestioan oinarritutako proiektuak

Greziako krisi ekonomikoaren ondorio dira eraikin, eskola eta hotel huts eta abandonatuak. Horietako asko egun babesleku bilakatu dira errefuxiatuentzat. Nazioarteko boluntario ugari daude proiektu alternatibo hauetan lanean; elkarlana, bizikidetza, autogestioa eta aldarrikapena dira oinarri nagusiak. Gobernuaren kanpamentuetan errefuxiatuak ospitaleko gaixoen antzera tratatzen dituzte, proiektu alternatiboetan aldiz, subjektu aktibo dira guztiak, antolatuta daude eta denek egiten dute lan elkarbizitza bermatzeko.

Krisi ekonomikoa dela eta 2009an itxitako hotela da Atenas erdiguneko City Plaza. 2016an ezkerreko ekintzaile batzuek okupatu zuten errefuxiatuak hartu eta kanpamentu ofizialetakoa baino bizitza duinago bat eskaintzeko.

 Errefuxiatuei aterpea ematen dion City Plaza hotela Atenasen. Arg: Irantzu Pastor

Egun, 300 errefuxiatu inguru bizi dira City Plaza hoteleko geletan. Umeentzat askotariko aktibitateak antolatzen dituzte, ingelesa, greziera, alemaniera eta gaztelerazko klaseak ematen dituzte eta garbiketa egiteko edota otorduak prestatzeko txandak daude. Biktimaren papera alde batera utzita, pertsona eta lagun moduan hartzen ditu hotelak errefuxiatuak. Hori dela eta, gero eta errefuxiatu gehiago hurbiltzen da, motxila bizkarrean duela, horrelako esparru autogestionatuetara ate joka, gobernuaren kanpamentuetatik ihesi; “kanpamentuetan animalia bezala hartzen gaituzte, horrelako esparruetan, berriro pertsona garela sentitzen dugu”, dio Mahmoud irakiarrak, City Plazako bere logela berritik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


2023-08-21 | Hiruka .eus
Pertsona guztien erroldatzea bermatuko duen protokoloa eskatu du Marea Horiak

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak urteroko Marea Horia izeneko mobilizazioa egin du zapatuan, Plentzia eta Gorlizko hondartzetan. Horietan bildutako lagunek salatu dute mundu osoko milioika pertsonak, euren jatorrizko herrialdeak utzi eta Europara iritsi nahian,... [+]


Eguneraketa berriak daude