argia.eus
INPRIMATU
Grezia da gure esperantza
  • Ikuspuntu politikotik ez ezik, ekonomikotik ere Greziak esperantza ekarri du Europako hegoaldeko beste herrietara, tartean Euskal Herrira.

Juan Mari Arregi 2015eko urtarrilaren 27a

Baina nazioarteko kapitalismoaren ikur den Troikak (Nazioarteko Diru Funtsa, Europako Banku Zentrala eta Europar Batzordea) hankaz gora jarri nahiko du kosta ahala kosta. Beraz, esperantza hori hazi eta zaindu egin beharko da, errealitate bihur dadin, orain arteko austeritate, murrizketa, desberdintasun, inposizio eta ustelkeriaren oso bestelakoak diren politika ekonomiko eta sozial alternatiboen bidez.

Beste mundu bat posible dela erakusteko garaia da. Justuagoa, berdintasunezkoa, parte-hartzailea, solidarioa eta herri bakoitzaren subiranotasuna errespetatuko duena. Garaia da erakusteko badaudela beste politika ekonomiko batzuk kapitalismoarekin zerikusirik ez dutenak; ustez ezkerrekoak diren gobernuek daramaten oraingo sozial-demokrazia bera ere auzitan jarriko lukete. Grezian boterera iritsi direnak mugimendu sozial eta antikapitalistetatik datoz. Aurreko gobernuek ezarritako austeritate politiken aurrean mahairatu dituzten alternatibek, greziarren gehiengoaren babesa jaso dute. Ezin zaio, hortaz, jende horri guztiari huts egin. Ezta Euskal Herria, Espainiako Estatua, Portugal edo Italia moduko beste herrialdeei ere. Denok gaude begira, ea kapitalismoaz gaindiko beste politika batzuek biderik ote duten.

Greziako agintari berriek erantzukizun handia dute. Euren mezua sinesgarria izan dadin, pertsonalki etsenplu eman beharko dute herritarren aurrean eta inperialismoak duen fronte mediatikotik etorriko zaien oldarraldiari eutsi beharko diote. Euren nortasunaren ikur izan behar du austeritateak eta gardentasunak (soldatak, bidaiak, autoak, etxeak…), ustelkeriaren kontra egunero borrokatzea, eta langabezian eta pobrezian daudenei lehentasunez laguntzea. Grezia da gure esperantza, ez diezagutela galdu arazi.