Greenpeacek protesta egin du Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluaren Madrileko egoitzan, Garoña berrirekitzearen aurka. Bi pankarta zintzilikatu ditu eraikinean, “Stop nuklearrak” eta “Stop Garoña” mezuekin. Sei kide atxilotu dituztela jakinarazi dute.
Erakundeak bere blogean salatu du zentral nuklearra berriz ere martxan jarri nahi duela PPren Jarduneko Gobernuak.
“Segurtasun Nuklearreko Kontseilua zentralaren aldeko txosten bat sortzeko ahaleginean dabil”. Greenpeacek azaldu du Garoñaren auzia ez dagoela amaituta. “Teknologia zaharkitu eta arriskutsu batekin ari dira jolasean, interes politiko eta ekonomikoak bultzaturik”.
Asteazkeneko ekimenaren bidez, “enpresen eta norbanakoen interesen alde aritu beharrean, segurtasun nuklearra bermatzeko lanean jardungo duen CSN independente bat” exijitu nahi izan du talde ekologistak. Salatu dute CSNk “entzungor" diharduela Kongresuaren gehiengoak iritzitakoaren aurrean.