argia.eus
INPRIMATU
Greban dira gaur Osakidetzako langileak
  • Ostegunean greba egingo dute Osakidetzako langileek, Osakidetzako langileen egoera prekarioa eta osasun zerbitzu publikoaren egiturazko gabeziak salatu eta konponbiderako neurriak aldarrikatzeko.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 28a
Mobilizazioa ospitale baten ateetan (Argazkia: LAB)

Greba eguna dute ostegunekoa Osakidetzako langileek. SATSE, ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute grebara deia, salatzeko Osakidetzako langileen egoera prekarioa eta osasun zerbitzu publikoaren egiturazko gabeziak. Guztira, 42.600 dira mobilizatzera deitutako langileak, Osakidetzaren osasun-zentro guztiei eragiten baitie. Greba eguna indarrean egon bitartean, gutxieneko zerbitzuak mantenduko dira osasun arretan.

EAEko hiru hiriburuetan mobilizazioak egingo dituzte eguerdian, hainbat aldarri aireratzeko: osasun publikora diru gehiago bideratzea, egiturazko lantaldea handitzea eta lantaldeko behin-behinekotasuna murriztea, azken urteetako murrizketak leheneratzea, pribatizazioari galga jartzea, langileriaren osasun baldintzan zaintzea, eta lan baldintzak arautzeko hitzarmen berri bati bide ematea. Azken puntu horri lotuta, gogorarazi dute hitzarmenak hamaika urte daramatzala iraungita.

Gasteizen eta Bilbon manifestazioak egingo dira, 12:00etan; Gasteizkoa Txagorritxutik abiatuko da, eta Bilbokoa Jesusen Bihotzetik. Donostian, aldiz, elkarretaratzeak egingo dituzte: 11:00etan Donostiako Ospitalean, eta 12:00etan Boulevardean.