argia.eus
INPRIMATU
Analisia
Grebak eman dituenak eta ekarriko dituenak

Ainhoa Etxaide Amorrortu 2023ko abenduaren 01a
A30eko greba egunean Martuteneko eakumeen zaintza lanen egoera salatzen. Argazkia: Urko Apaolaza / ARGIA CC-BY-SA

Baldintzak, momentua, adostasunak… Gauza asko dira aztertu eta kontutan hartu beharrekoak greba orokorra deitzerakoan. Gehiago greba feminista bada, ez dago inon idatzita hori zer den, eta hala izanda ere, badakigu zein zaila den idatzietatik plazara, eta plazetatik lantokietara jauzi egitea. Baina egin dugu! Euskal Herriko Mugimendu Feministak prozesu bat irudikatu eta marraztu du. Oinarrizko adostasunak eraiki ditu.

Pandemian funtsezko lanak zirela aldarrikatzen genuen, eta gaur, zaintza lanak berrantolatzeko zein sistema behar dugun da jokoan dagoena. Instituzioek ezin izan dute eztabaida hori saihestu.

Pandemian funtsezko lanak zirela aldarrikatzen genuen, eta gaur, zaintza lanak berrantolatzeko zein sistema behar dugun da jokoan dagoena. Instituzioek ezin izan dute eztabaida hori saihestu

Erdigune berri bat sortu, eratu eta sendotu dugu. Erdigune deserosoa zaintzei bizkarra emanez bizi denarentzat, zaintzak negozio bezala ikusten dutenentzat, eta oso deserosoa negozio hori administrazioetatik bideratzen dutenentzat.

Eta zaintza erdigunera ekartze honetan, zaintza lanak jarri ditugu eztabaidaren erdian, zaintza da eztabaidaren objektua; eta hala egin ditugu, besteak beste, zaintzako langileak subjektu. Ez dago zaintza lanak berrantolatuko dituen sistema berriaren eztabaida egiterik zaintza langileen protagonismorik gabe.

Baby boom esaten dioten belaunaldiaren premiei larritasunez begiratzen diotenean, zaintzaren borrokari zentraltasuna ematea, asmatzea da, bai horixe. Baina premia horiei bidezkoa den sistemarekin erantzutea, prozesu baten emaitza izango da: prozesu horrek ekarri behar du zaintzak gaur behar dituztenen, zaintza lanetan gaur ari direnen, eta bizitza osoan zaintzaile izan arren merezi eta irabazitako eskubiderik gabe jarraitzen dutenei zor zaiena aitortzea eta ordaintzea.